Aurrez diseinatutako tresnen eta maketen bidez, webgunerako edo inprimaketarako era guztietako diseinuak sor daitezke Canva erabilita. Elgoibarko Udalak merkataritza-establezimenduetako jabe eta beharginentzako ikastaroa antolatu du, euren negozioetako "komunikazio bisuala" hobetzeko aukera izan dezaten. Doako ikastaroa izango da eta apirilaren 16an emango dute, Aita Agirre Kulturgunean, 14:00etatik 16:00etara. Itziar Martínezek gidatuko du ikastaroa. Martinez aholkularia da marketing digitalean, sare sozialetan eta sormenean espezializatutako Tomillo Limón Marketing Digitalen. Gaztelaniaz emango du Canvan trebatzeko ikastaroa.
Parte-hartzaileek Canvaren funtsezko funtzionalitateak erabiltzen, txantiloiak pertsonalizatzen eta beren markako komunikazio-kanaletara egokitutako eduki bisual profesionala sortzen ikasiko dutela azaldu dute Udaletik. Gainera, ikastaroan sare sozialetara zuzendutako bideoak sortzeko eta editatzeko funtsezko teknikak landuko dituzte, eta baita prozesu hori sinplifikatzen duten aplikazioak eta tresnak nola erabili ikasi ere.
Ikastaroan landuko dituzten edukiak, zehatz meatz:
- Canvako nabigazioa: diseinuak, txantiloiak eta formatuak.
- Edizio-menua arakatzea: elementuak, irudiak, testuak bilatzea.
- Sare sozialetarako eduki optimizatuak sortzea.
- Bideo motak: produktu-bideoak, hezkuntza-edukiak, entretenimendu-edukiak eta inspirazio-edukiak.
- Bideoa grabatzeko eta editatzeko praktikak.
- “Take it easy” ren hastapenak: bideoak erraz sortzeko tresnak eta aplikazioak.
Izen-ematea: doakoa den arren, aurrez izena eman behar da, honako online formularioa beteta.