Atxutxiamaikako Aldenik Alden programan aritzen diren gazteei Korrikaren beste ikuspegi bat eskaintzeko asmoarekin, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak kilometro bat erosi zuen Oibartik Irunberrirako bidean, Nafarroa hegoaldean. Asteburu pasa joan ziren gazteak Oibarrera eta zapatuan hartu zuten Korrikaren lekukoa, goizean-goiz, 07:56an. Korrikaren 403. kilometroa egin zuten korrika, eta Zarrakazteluko Iparralde Elkarteko ordezkarien eskutik jaso zuten lekukoa. Bideoan ikus daitekeen moduan, energiaz beteta egin zuten korrika lekukoa eraman zuten bi lagunek, Arene Baltzolak eta Maialen Langarak.
"Ilusioa eta harrotasun handia"
Elgoibartik joandako talde guztiak ilusio eta emozio handia sentitu zituztela azaldu dute gaztetxoekin joandako hezitzaileek. "Une berezia izan zen beraientzat, eta urduri xamar egon baziren ere, ilusio eta harrotasun handia sentitu zutela esan digute". Gainera, tokatu zitzaien kilometroa mendate batean gora izan arren, paisaia oso politekoa zela esan dute. Euren kilometrorako pankarta ere sortu zuten. Orohar, asteburu aparta igaro dutela azaldu dute. Korrika egiteaz gainera, musika instrumentuak ere eraman zituzten Elgoibartik taldekideetako batzuek, eta Oibarko musikariekin batera aritu ziren musika joten hango kaleetan. Bainatu ere egin ziren inguruetako ur jauzi batean. Lotarako Oibarko eskola laga zieten.