Trikitilariak, dantzariak, dultzaineroak, buruhandiak... festa baten osagai guztiak izaten ari da Karakate Eguna. Umeek ere eduki dute non gozatua, Kalegoen Plazan rokodromoan ibili, eskulanetan parte hartu edota hainbat jolasetan aritu baitira, eguraldin eguzkitsua lagun.
Karakateko zentral eolikoaren proiektua bertan behera geratu izana herri osoaren lorpena izan dela adierazi du Karakate Bizirik plataformak, eta hori ospatzeko asmoz antolatu dute Karakate Eguna. Festa giroko ospakizunean euren aldarrikapen nagusia, mendiak eolikoetatik libre nahi dituztela, irudikatu dute Taupada antzerki taldekoek egin duten performancearen bidez. Haize errotak jarri nahi dituzten enpresen eta mendizaleen arteko gatazka irudikatu dute Maalan egin duten bazkarira batu diren lagunen aurrean, eta haien parte hartzearekin. 80 bat lagun batu dira bazkarian. Auto handi batean iritsi dira enpresariak, baina etorritako bidetik uxatu dituzte mendizaleek.
Arratsalderako eta iluntzerako musika eskaintza zabala prestatu dute. 19:00etan hasita Gabi eta Alfonso bikoak eta Kitziki taldeak emango dute kontzertua. Gauean, 22:30etik aurrera, hiru taldek emango dute zuzenekoa: Los Del Garaje, The Pladures, The Jacintones.
Hona Karakate Eguneko argazki-bilduma: