Lagun eta senide asko joan ziren estreinako emanaldia ikustera, eta lehenengo kantetan urduritasuna nagusitu bazen ere, berehala eman zioten buelta egoerari eta jarri zuten dantzan aretoa. Gaur, beste estreinaldi bat izango dute, Elgoibarko Gaztetxean emango dutelako kontzertua DJ Watxas-ekin batera, 23:00etatik aurrera, eta martxoaren 16an Maalako parkeko oholtzara igoko dira, Karakate Eguneko ospakizunen barruan. Gogotsu daude, ilusioz eta dena emateko prest. Maddi Arrieta, Olatz Makazaga eta Nahia Carrillorekin batu gara, taldearen nondik norakoak ezagutzeko.
Lagunak dira aspalditik, baina musikak batu ditu taldean zazpi emakume hauek. Elgoibarkoak dira bost: Maialen Arriola (perkusioa), Maddi Arrieta (biolina), Nahia Carrillo (gitarra), Olatz Makazaga (ahotsa) eta Alaitz Landa (ahotsa). Enara Mujika bergararrak teklatua jotzen du eta Itxaso Alberdi azkoitiarra arduratzen da baxua eta saxofoia jotzeaz. Iazko uda partean batu ziren taldea osatzeko, eta entseatzen hasi ziren. Uste zutena baino lehenago etorri zaie kontzertuak emateko aukera, eta bata bestearen atzetik egingo dituzte zuzeneko hiru emanaldi. Plazak dantzan jartzea dute helburu, beraiek oholtzan gozatuz, ikusleei ere gozaraztea.
Iazko urtera egin behar da atzera Kitzikiren sorrera azaltzeko. Batxilergoko lehenengo mailan zeudela, Emakumeak Oholtza Gainean hitzaldia antolatu zuten institutuan, eta egungo emakume abeslari ezagun batzuen esperientzia ezagutzeko aukera izan zuten. Nahia Carrillori barruan zerbait piztu zitzaion hitzaldi haren ondotik, eta buruari bueltaka hasi zen. Handik hilabete batzuetara, Gaztetxean erromerian eta parranda giroan zeudela, aurrera egitea erabaki zuen: "Besteek egin baldin badute, guk ere egin ahal izango dugu", pentsatu zuen, eta Batxilergo Musikaletik ezagutzen zuen Itxaso Alberdirekin partekatu zuen bere ideia eta ez zuen hark ere zalantzarik egin. Taldekide bila hasi ziren biak, eta Maddi Arrieta izan zen taldera gehitzen lehenengoa. Olatz Makazagari eskatu zioten abesteko. "Politika ikasten ari da, jende aurrean ondo moldatzen da, eta bera izan behar zen abeslaria". Ez zuen ezetzik esan. Gero, teklatua behar zutela pentsatu zuten eta Batxilergotik ezagutzen zuten Enara Mujika bergararrarekin
jarri ziren harremanetan. Harek ere baietz erantzun zuen. Maialen Arriola tentatu zuten gero bateria jotzeko eta Alaitz Landa ere batu zitzaien. Zazpikoa osatua zuten, denak emakumezkoak: "Ez ginen horren bila joan, baina horrela suertatu eta oso pozik gaude. Bateria-jolea ere neska izatea ez da erraza!".
Udalera jo zuten eta Elgoibarko Musikarien Elkartearen (EME) kontaktua eman zieten. Elkarteko bazkide egin, eta entseguetarako lokala lortu zuten Pedro Mugurutzako eskoletan: "Asko garenez, lokalik handiena utzi digute EMEkoek, eta bateria ere beraiek lagatzen digute. Oso ondo portatu dira gurekin eta oso eskertuta gaude". Taldeari izena jarri behar zioten, izenik gabe zaila delako bidea egitea. Euskarazko hitz bat nahi zuten, desberdina. Interneten begira hasi ziren eta kitzika hitza aurkitu zuten. Probokazioa edo eszitazioa esan nahi du, eta gustatu zitzaien, bai hitzaren soinua eta baita esanahia ere, baina konturatu ziren bazegoela izen horrekin beste musika talde bat eta pintaketa batzutan ere irakurria zutela. Horregatik, azken letra aldatu eta Kitziki izena jartzea erabaki zuten: "Ordurako gure mezu-trukean ere kitzikis izenez deitzen genion elkarri, eta izen horrekin geratu ginen".
- ELKARRIZKETA osorik BARREN astekarian.