Zerk bultzatu zaitu 'Eso no es sexo' liburua idaztera?
Eso no es amor liburua idatzita neukan eta haren segida moduko bat da hau. Bakarrizketak egiten nituen gazteekin, eta haiek kontatzen zizkidaten bizipenak biltzeko beharra sentitu nuen. Gazte horien bizitzan bi orduz baino gehiago egoteko beharra neukala konturatu nintzen, eta eman nahi nien beraientzako baliagarri izango zen dokumentazio bat. Hasieran autoestimaren, jazarpenaren eta bestelako gaien inguruko kezkak azaleratzen zizkidaten gazteek, baina konturatu nintzen gaia aldatu egin zela eta gero eta gehiago irteten zirela sexu erasoen kontuak. Sexu erasoak bikotean, familian edo lagunartean. Mutil batzuek esaten zidaten iritsi zela puntu bat ez zekitela neska bat bortxatzen ari ziren edo ez... Eso no es amor bakarrizketak hamar urte egin ditu aurten. Liburu horretan berdintasunaren gaia jorratu nuen, baina konturatu nintzen azken hiru urteotan tendentzia aldaketa bat egon zela gazteen kezken artean eta sexuak behar zuela bere espazio propioa. Horregatik sortu nuen liburu hau, gazteentzako eta haien gurasoentzako lagungarri izango zelakoan. Liburu honetan, gazteek niri kontatzen didatenaren berri eman nahi diet gurasoei. Umorea eta gazteen hizkuntza erabiltzen ditut, eta horri esker lortzen dut haien konfiantza. Nerabeek orokorrean ez dituzte gauzak etxean kontatzen, eta pornografiaren ingurukoak are gutxiago. Gurasoek ez dakite gaur egungo gazteek zein motatako pornografia kontsumitzen duten, nondik iristen zaien, zein adinetan hasten diren pornografia ikusten... Liburu honek argibide asko emango dizkie.
Konta iezaguzu, bada, nondik eta zer iristen zaien gazteei, pornografi ari dagokionez.
Indarkeria askoko irudiak jasotzen dituzte gaur egun. Emakume bat hil, pusketatan zatitu, eta, nola bortxatzen duten agertzen duten irudiak jasotzen dituzte, edo ume jaioberrien bortxaketak, talde bortxaketak... Horri ezin zaio pornografia ere deitu. Gehienetan gazteak ez doaz eduki horren bila, baina iritsi egiten zaie telefonoko txat batera, deskargatzen dituzten aplikazioen bidez, Play Stationeko jokoen bidez... Hortik ihes egitea gaur egun ezinezkoa da, pornografiaren industriak hori duelako helburu, eta horri kontra egitea oso zaila da. Liburu hau ez dut esango helduentzako mendeku bat denik, baina bai da ohartarazpen bat. Askotan egiak min egiten digu eta erosoagoa da pentsatzea gure seme-alabei ez zaiela hori gertatzen, baina helduok jakin behar dugu gure gazteak zer ari diren bizitzen; gure ardura da.
Zein adinetan hasten dira gazteak pornografia kontsumitzen?
8-9 urterekin hasten dira, eta argi eduki behar dugu adin horretakoak ez direla nerabeak, haurrak baizik. Pornografiak haurtzaroa deusezten du. Kalean jolasean egon behar duen ume bati pornografia erakusteak sekulako kalteak eragiten dizkio eta hori penagarria da. Haurtzaroko oinarrizko eskubideak dira indarkeria eta egoera sexualizatuetatik libre bizitzea, eta pornografiak hori eragozten du. Baina adin horretan umeak ez doaz pornografia bila; alderantziz gertatzen da: pornografiak bilatzen ditu umeak. Eta galdera da: zergatik bere bizitzan ikusiko dituen pornografia irudirik sadikoenak 8tik 15 urte bitartera ikusiko ditu gizonezko batek? Zein helburu dauka pornografiak?. Azken finean, sexu indarkeriaren normalizazioa dakar horrek guztiak. Adin horretan eraikitzen da desioa, eta adin horretan desioarekin konektatzen zaituen horrek kitzikatuko zaitu gero bizitzan. Pornografia irudien %88k sexu indarkeri edukia dute, eta gazteek hori ikusten badute, gero hori nahiko dute. Mutil askok esaten didate beraien neskalaguna izugarri maite dutela, baina sexua praktikatzerako orduan ez badiote iletik tira egiten edo ez badute indarkeriaz tratatzen, ez dutela berdin gozatzen.
Zein pornografia mota kontsumitzen dute gazteek?
Lau taldetan sailkatzen da gazteen pornografia kontsumoa: intzestua, talde bortxaketak, pederastia eta emakumeenganako indarkeria. Kontu honetan hain ezaguna egin zen La Manada kasuak ere ez du batere lagundu. Gaur egun gazteen artean pornografia bideorik ikusienak talde bortxaketak dira, bilioika ikustaldirekin. Pornografia da emakumeenganako erasoen eskola, eta arriskutsuena da irudi horiek iristen zaizkiela beraien garapen prozesuaren erdi-erdian. Adin horretan enpatia garatzen dute esaterako, eta irudi horiek tartekatzen badira une horretan, enpatia blokeatu egiten da. Hori demostratuta dago historikoki, eta horregatik zehazten zaizkiei bideo-jokoei, filmei edo bestelako bideoei ere gutxieneko adina, gauza batzuk adin jakin batzuetan ikusteak luzera kalte handia eragiten duelako. Argi esango dut, enpatia garatzen ez duen pertsona, psikopata da.
Gurasoek zer egin dezakete egoera honen aurrean?
Baloreetan oinarritutako heziketa sendoa eman behar diegu seme-alabei, eta pentsamendu kritikoa garatu behar dute. Maitasuna eta sexua toki guztietan dago, baita umeentzako filmeetan ere, eta ikusten duten hori zalantzan jartzen erakutsi behar zaie. Film bat edo iragarki bat elkarrekin ikusten dugunean seguru ditugula gaiak beraiekin lantzeko aukerak, ume-umetatik. Une horiek aprobetxatu egin behar dira beraiekin naturaltasunez hitz egiteko. Guraso askok galdetzen didate ea umeekin sexuaz pornografia irudiak jasotzen hasi aurretik hitz egin behar den, eta galdera hori oso arriskutsua iruditzen zait, nolabait aditzera ematen duelako pornografia sexua dela, eta hori ez delako horrela. Batzuk hasi dira pornografia feministaz hitz egiten, baina pornografia estilo horri indarkeria esplizitua kendu diote soilik, inplizitua ez. Boterearen eta emakume zapalduaren ideiak hor jarraitzen du eta hori ikasten jarraituko dute. Lagunaren mina zer den erakutsi behar zaie umeei. 8 urteko ume bati azaldu behar zaio posible dela ikustea eskolako patioan liderra izan nahi duen ume bat beste bati bideo desegokiak erakusten, eta litekeena dela umeei edo emakumeei min egiten dizkieten irudiak erakustea egun horretan patioko popularrena izateko, eta, jakina, hori ez dagoela ondo. Azaldu behar diogu norbaitek barre egiten badio, ez dela bere laguna, edo egunen baten bikotekideak min ematen badio, ez dela hori bikotekide ona. Argi azaldu behar dugu sexuan ere mugak daudela, eta ez badago plazerrik, errespeturik eta gozamenik, hori ez dela sexua. 8 urteko ume batek badaki zein egoeratan sentitzen den deseroso, eta eskatu behar diogu gustuko ez dituen irudiak jasotzen baldin baditu, gurasoei esateko.
Ume batek pornografia irudi bat jasotzen duenetik, bera aktiboki bila hasten den arte laubost urte pasatzen dira; beraz, margena badago gaia lantzeko. Baina gurasoek egin dezaketen garrantzitsuena umeak emakumeenganako errespetuan heztea da. Mutikoen erreferenteak maskulinoak dira guztiak; 8 urtetik aurrera ez dute emakumezkorik miresten. Beraz, printzesa ausartaren ipuina edota emakume zientzialari edo futbolarien gaiak umetatik landu behar dira mutikoekin, emakumeak errespeta ditzaten. Ezin zaie mutikoei eskatu ausartak eta indartsuak izatea, eta, aldiz, neskei ederrak eta gustagarriak.
"Ume batek pornografia irudi bat jasotzen duenetik bera aktiboki bila hasten den arte lau-bost urte pasatzen dira; beraz, margena badago gaia lantzeko"
Benetako sexu heziketaren beharra aldarrikatu duzu.
Bai, urgentziaz behar da gainera. Espainian bost neskatatik batek sexu-abusuak jasaten ditu eta hamabi mutikotik batek. Hiru nerabetatik batek genero indarkeria jasaten du, eta bitik batek sexu indarkeria. Benetako sexu heziketa behar dugu; ez du balio platano bati kondoi bat jartzeak. Pornografia alde batera lagatzeko ezinbestekoa da ume eta nerabeei sexua zein dibertigarria den azaltzea. Nik beti esaten diet egungo gazteen belaunaldia izango dela pornografia gorrotatuko duen lehenengoa, benetako sexua deskubritzen dutenean konturatuko direlako pornografia baino mila aldiz hobea dela. Maite duten pertsona batekin sexuaz gozatzea zer den deskubritzen dutenean konturatuko dira pornografiak zein kalte egin dion beren sexualitateari. Gai hau umetatik landu behar da seme-alabekin, adin bakoitzean tokatzen den moduan. Nire alabak berak garbitzen du bere bagina urtebete zeukanetik, eta argi dauka bere gorputza ezin duela beste inork ukitu berak nahi ez badu, nahiz eta lehengusua, osaba edo laguna izan. Argi eduki behar dute gurasoek ezingo dutela ebitatu beraien seme-alabengana pornografia iristea, baina iristen zaien une horretan irudi horiek baztertzeko tresna egokiak ematea posible da. Lege aldetik ere gehiago egin beharko litzateke, eta badakit lanean ari direla, baina zaila da. Eta Hezkuntza Legean ere heziketa sexualari beste pisu bat eman behar zaio urgentziaz. Psikopedagogo batek ezin ditu mila ikasle hezi. Nerabeen motxilak pisu gehiegi dauka, eta helduok ezin dugu beste aldera begiratu.
Sexu onaren dekalogoa ere publikatu duzu liburuan.
Bai, eta horrez gain sakeleko telefonoaren erabilera egokiari buruzko argibideak ere jaso ditut, gurasoen eta seme-alaben artean kontratu moduko bat adosteko. Lantxo edo proba batzuk ere proposatzen ditut familian egiteko, oso hezitzaileak direnak, eta azkenik sexu onaren dekalogoa bildu dut. Formula ere jarri diot: Plazera + dibertsioa + errespetua = benetako sexua. Azken finean zera esatera nator: egiteko zuri egitea gustatzen zaizuna. Esan nahi dudana da sexuari buruz pornografia ikusiz ikastea Fast&Furius filmarekin gidatzen ikastea bezalakoa dela. Ez da erreala, eta pornografia baztertzen ez duten bitartean, ezingo dute benetako sexuaz gozatu.