Teknikoek egindako azterketen ostean, erortzeko arriskua izan dezaketen zenbait zuhaitz moztea erabaki dutela jakinarazi du Udalak.
Batetik, Herri Eskola inguruan dauden bost zuhaitz moztuko dituzte, "inklinazio nabarmena eta narriadura-egoera aurreratua" dutelako eta ikastetxeko jolastokira erortzeko arriskua dagoelako.
Bestetik, Sigma-Estarta etxeetako pinu bat ere moztuko dutela aurreratu dute Udaletik, etxebizitza baten aurrealdetik gertuegi dagoelako. "Zuhaitz honek, leihoetatik eta arropa-kateetatik hurbil egoteagatik eragozpenak sortzeaz gain, egituraren segurtasunerako arriskua dakar bere kokapenagatik eta tamaina handiagatik", zehaztu dute. Era berean, duela aste batzuk Urazandin haizeak bota zuen zuhaitzetik gertu zegoen beste zuhaitz bat, pinu bat, moztu zuten orain gutxi, hura ere eroriz gero etxebizitzetako balkoietaraino irits zitekeelako.
Zuhaitzak kendu diren lekuetan ale berriak landatuko dituztela gogora ekarri du Udalak, hala nola, Bolatoki eremuan, Arrillagan, eta lehen Sigmako bi palmondoak bota zituzten tokian.