Carolina Rueda ipuin kontalari kolonbiarrak emango du saioa. Ipuin kontalari gisa ibilbide luzea egin du Ruedak eta mundu osoko entzuleak liluratu izan ditu bere kontakizunekin eta entzuleak alegiazko mundura eramateko trebetasun apartekoa aitortzen diote antolatzaileek.
Saioan parte hartzeko, izena emateko eskatu dute, liburutegian edo ondorengo telefono zenbakietako batera deituta: 943 743 525 / 688 710 138.
Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia La Caratula antzerki taldeak antolatzen duen FIO –Festival Internacional de la Oralidad– jaialdiaren adar bat moduan jaio zen, orain dela hamazazpi urte, Euskal Herriko Intujai Teatro taldeak bultzatzen du Ahoz Aho jaialdia.
Euskal Herriko zein atzerriko punta-puntako ipuin kontalariak elkartuko ditu aurtengo jaialdiak. Horietatik %70 euskaldunak dira. Intujai Teatroko May Gorostiagaren esanetan, urtez urte joan da zifra hori finkatzen, euskal kultura babesteko eta eta sustatzeko, "baina baita ere gustatzen zaigu kanpoko figurak ekartzea, bestelako estiloak, kulturak eta tradizioak ezagutu ahal izateko. Kontatzeko dauden bestelako moduak ikasteko beraiekin eta zergatik ez, zubiak eraikitzeko beraiekin". Artista guztien artean 50 ekitaldi baino gehiago emango dituzte Gipuzkoako 20 bat herritan, hilabete eta erdian. (ikus hemen jaialdian parte hartuko duten artista guztien zerrenda)