Ahoz Aho jaialdia Elgoibarreraino ere ailegatuko da

Barren.eus 2024ko urt. 29a, 11:33

Ahozkotasunari lotutako ekitadiak egingo dituzte Gipuzkoako makina bat herritan, Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren baitan, otsailaren 15etik martxoaren 17ra bitartean.

La Caratula antzerki taldeak antolatzen duen FIO –Festival Internacional de la Oralidad– jaialdiaren adar bat moduan jaio zen, orain dela hamazazpi urte, Euskal Herriko Intujai Teatro taldeak bultzatzen duen Ahoz Aho jaialdia.

Euskal Herriko zein atzerriko punta-puntako ipuin kontalariak elkartuko ditu aurtengo jaialdiak. Horietatik %70 euskaldunak dira. Intujai Teatroko May Gorostiagaren esanetan, urtez urte joan da zifra hori finkatzen, euskal kultura babesteko eta eta sustatzeko, "baina baita ere gustatzen zaigu kanpoko figurak ekartzea, bestelako estiloak, kulturak eta tradizioak ezagutu ahal izateko. Kontatzeko dauden bestelako moduak ikasteko beraiekin eta zergatik ez, zubiak eraikitzeko beraiekin". Artista guztien artean 50 ekitaldi baino gehiago emango dituzte Gipuzkoako 20 bat herritan, hilabete eta erdian. Tolosan emango dute aurrenekoa eta Elgoibarren ere emango dute ipuin kontaketa saioa, martxoaren 11n. Helduentzako saioa emango du Karolina Rueda kolonbiarrak, gazteleraz, Gotzon Garate Udal Liburutegian (19:00). Emanaldiak doan dira. (ikus hemen jaialdian parte hartuko duten artista guztien zerrenda)

Antolatzaileen berbetan, jaialdiaren hastapenetan moduan, ipuinekin edozein txokotara heltzea da ekimen honen helburua, Euskal Herrian tradizioz ahozkotasunak izan duen garrantzian arreta jarriz eta kontalariek behar duten espazioa aldarrikatuta.

Ordiziako Barrena Jauregian aurkeztu zuten, joan den barikuan, Ahoz Aho jaialdiaren aurtengo egitaraua (ikus aurkezpena bideoan Goierri Irrati Telebistan). Era berean, urtero banatzen duten Urrezko Kalabaza saria Paul Urkijo zinemagileari emango diotela aurreratu zuten antolatzaileek. Azaldu dutenez, ahozkotasunean oinarrituta, euskal tradiziozko ipuinak zinemara eramateko eta ipuin tradizionalen fantasia irudikatzeko erakutsitako gaitasunagatik sarituko dute.

Informazio osoagoa Intujaiteatro

 

2024 01 29 artistak ahoz aho jaialdia intujai teatroa