Aurten Illunben jokatuko dute Espainiako Erreginaren Kopako azken fasea, maiatzaren 10etik 12ra. Txapelketa hori prestatzeko entrenamendu saioak egiten ari da Donostiako Super Amara Bera Bera taldea, herriz herri, goi mailako eskubaloia herrietara zabaldu asmoz, eta Kopa girotze aldera. Bera Bera da egungo txapelduna. Lezon egin zuten entrenamendu saio bat, otsailean; eta, Elgoibarren, Bergaran eta Orion egingo dituzte martxoan.
Gaurko entrenamendua Elgoibaren izango da, IMH Kiroldegian, 18:00etatik aurrera. Entrenamendu irekia denez, edonor joan daiteke goi mailako jokalarien entrenamendu saioa bertatik bertara ikustera. Hasteko, Sanloko jubenil kategoriako jokalariekin entrenatuko dira azken urteetan ia dena irabazi duten emakumeak, tartean June Loidi elgoibartarra. Gero ohiko entrenamendua egingo dute eurek.