Ibilgailuentzat itxita dago Elgoibar eta Maltzaga arteko bidegorri zatia, urak bidea zulatu duelako

Barren 2024ko mar. 4a, 17:16

Bidegorriaren hasieran dago zuloa. BARREN

Urak zuloa egin du bidegorrian, Goikoerrotako zubitik gertu dagoen harri-lubeta batean, eta hondoratzeko arriskua dagoela-eta bidegorria ibilgailuentzat ixtea erabaki du Aldundiak.

Joan den asteko euriteek eragin dutela zuloa adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuko arduradunek. Zuloa konpondu bitartean bidegorria ixtea erabaki dute, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko prebentzio-neurri modura. Jakinarazi dutenez, otsailaren 28an egin zuen urak zuloa bidegorriaren zorupean. "Ibaiaren ur-goraldiak zorupeko harri-lubeta eraman zuen, azpiegitura nabarmen hondatuz", azaldu dute. Goiko Errotako zubitik gertu dago zuloa, bidegorriaren hasieran. Orain, kalteak neurtzeko balorazio teknikoa egiten ari dira in situ, "ahalik eta lasterren" harri-lubeta eta lauza konpontzeko proiektua kontratatu ahal izateko. Halere, pasabidea oinezkoentzat eta txirrindularientzat bakarrik irekitzeko aukera aztertzen ari da Elgoibarko Udala.

Argibideak eta ohartarazpenak errespetazeko eskaera

Bidea hondoratzeko arriskuak dirauen bitartean, eta beharrezko konponketak egin arte, aldi baterako itxierari buruzko argibideak eta ohartarazpenak errespetazeko eskatu dute Aldundiko arduradunek. Era berean, Aldundiak adierazi du obrak amaitu eta erabiltzaileen segurtasuna bermatu ondoren jakinaraziko dutela noiz irekiko duten berriro bidea. Jasangarritasun Departamentuak herritarren laguntza eta ulermena eskertu ditu.

Hain justu, duela urte batzuk ere, 2016. urtean, antzerako zuloa agertu zen leku berean, metro gutxi batzutara, zazpi metroko zuloa, eta orduan ere itxi egin zuten bidegorria konpondu artean. 

 

Konoak dauden parean dago zuloa. Metro batzuk harutzago, duela zortzi urte konpondu zuten zuloaren gainaldea atzeman daiteke  asfaltoa leunagoa dagoen tokian. BARREN.