“Andikano baserrirako bidearen azpialdea urak eraman zuela ikusi genuen igandean. Zulo horrek zazpi metro luze dituela konturatu ginen, errepidearen zabalera osoa, alegia”, azaldu du Javier Oñederra udaltzainburuak. Horrenbestez, herritarren segurtasuna bermatze aldera, bidea ixteko erabakia hartu zuten. Bidea itxita dagoela azaltzen duen idatzia, zintak eta hesiak jarri zituzten arren, hainbat herritarrek ez dietela jaramonik egin ohartarazi du Oñederrak. “Itxitura nabarmena den arren, bidegorrian ibili da jendea ezer pasako ez balitz moduan”.
Bidea hondoratzeko arriskuak dirauen bitartean, eta beharrezko konponketak egin arte, Udaltzaingoaren agindua errespetatzeko eskatu dute.