Erreportajea

Oinarrizkoa den lanbidetik bizi ezinak kalera atera ditu baserritarrak

Ainara Argoitia 2024ko ots. 23a, 15:09

Haserre daude nekazariak. Euren produktuak prezio duin batean saltzea gero eta zailagoa zaiela salatu dute, ezin dutela merkatuko prezioekin lehiatu. Erakundeetatik ezarritako traba burokratikoak ere salatu dituzte. 

Derrigortuta daude egiten duten guztiaren berri ematera, eta horrek ere itota dituela salatu dute askok, ortuko edo kortako lanak laga eta bulegoko lanetan eman behar izaten dituztelako gero eta ordu gehiago. Argudio gehiago ere badituzte, nork bereak, asko direlako eta askotarikoak, eta bakoitzak bere arazo eta beharrak dituelako. BARRENeko orrietan batu ditugu Elgoibarren baserritik bizi diren lau nekazariren iritziak.

Urtarrilaren azkeneko astean hasi zituzten protestak Europako hainbat herrialdetako nekazariek. Halakoetan ohi denez, arriskutsua ere gerta daiteke protestarako eman dituzten argudioak garrantziaren hurrenkeran zerrendatzea, baina badira bi eskari orokor. Batetik, Europako Batasunaren Nekazaritza Politika Bateratua sinplifi katzea exijitzen dute, gehiegizko burokraziak kostu onartezinak dakarzkiela arrazoituta, eta bestetik, Europako Batasunaren merkataritza libreko itunak bertan behera lagatzea, onartezintzat jotzen dutelako hemen bertoko ekoizleek dituzten eskakizunak betetzen ez dituzten beste herrialdeetako produktuak Europan libre sartzea. Protestatzeko, traktoreak atera dituzte errepidera eta mobilizazio handiak egin dituzte; baita Euskal Herrian ere. Ipar Euskal Herriko nekazari eta abeltzainak izan ziren errepidera irteten lehenengoak gurean, eta gero batu zitzaizkien Hego Euskal Herrikoak, otsailaren lehenengo astean. Lehen sektoreak ezin duela gehiago salatu zuten. Otsailaren 9an, esaterako, Bilboko kaleak hartu zituzten traktoreek, EHNE eta ENBA sindikatuek antolatuta, eta hiru egun geroago, sindikatuekin adostu barik, Donostiara zuzendu ziren Gipuzkoako lehen sektorekoak, whatsappez antolatuta. Ez zen hor amaitu, baina. Protesta olde betean, joan zen barikuan, Gipuzkoako Foru Aldundiko atarian bildu ziren eredu agroekologikoa babesten duten nekazari eta abeltzainak. Besteak beste, eredu industrialean oinarritutako nekazaritza polika egitea eta nekazariak itotzea leporatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta hondamendi ekologikoari eta kapitalismoaren krisiari aurre egiteko alternatibatzat aurkeztu zuten eredu agroekologikoa. Martxoaren 1erako, berriz, beste mobilizazio orokor bat antolatu dute EHNE eta ENBA sindikatuek.
Hainbat arrazoi dituzte nekazari eta abeltzainek egonezina azaltzeko. Orokorrak dira batzuk, eta lekuan lekukoak beste batzuk, eta horiez gain, bakoitzak bere arrazoi partikularrak ere baditu borrokarako, sektorea askotarikoa delako, baina guztiaren gainetik itota daudela salaten dute gehienek. Erreportaje honetarako elkarrizketatu ditugunetako hiruk ere hartu dute parte Donostiako mobilizazioetan, eta parte hartu ez arren, zilegitzat jo ditu laugarrenak.

BARREN astekariaren 1318. zenbakian irakur dezakezue Mausitxa baserriko Iñaki Ansolaren, Lizundia Txabolako Miguel Juaristeren, Basuetako Nerea Garitagoitiaren eta Altzola Berazeta baserriko Iñaki Lazarobasterren iritzi eta adierazpenekin ondutako erreportajea.