Anbulatorio berria eraikitzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Elgoibarko Udalak eta Osasun Sailak

Barren.eus 2023ko ira. 28a, 09:13

Elgoibarko Udalak eta Jaurlaritzako Osasun Sailak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Elgoibarren osasun-zentro berria eraikitzeko.

Hitzarmen horri esker, Elgoibarko Udalak gaur egun merkatu plaza dagoen eraikina utziko dio Jaurlaritzari, anbulatorio berria eraikitzeko, eta orain proiektua idazteko faseari ekingo diote. Ondo bidean, 2024ko udarako proiektua idatzita egongo da.

Bi alderdiek honako konpromiso hauek hartu dituzte hitzarmen honetan:
Elgoibarko Udalaren aldetik:

  • Elgoibarko osasun-zentro berriaren egikaritze-proiektua idazteko fasean, ondoriozko urbanizazioaren baldintzak eta ezaugarriak zehaztea.
  • Partzela eta alboko plaza urbanizatzeko lanen proiektua idazteari eta zuzentzeari dagozkion ordainsariak finantzatzea.

Osakidetzaren aldetik:

  • Osasun Zentro berriaren proiektua idazteko eta obra zuzentzeko espedientea lizitatzea, partzela osoaren eta alboko plazaren urbanizazioa barne. Urbanizazio-irizpideak Udalak zehaztuko ditu.
  • Tokiko merkatua eraistea eta prozesu horri lotutako kostuak bere gain hartzea.
  • Osasun Zentro berria eraikitzeko obrak lizitatzea eta horren kostuak bere gain hartzea, urbanizazioa izan ezik, Udalak finantzatuko baitu.

Era berean, bi aldeetako ordezkariek osatuko duten Batzorde Misto bat sortzea ere jasotzen du hitzarmenak, "hitzarmenaren interpretazio komuna sustatzeko eta haren aplikazio eraginkorra errazteko". Zehaztu dutenez, batzorde horrek "funtsezko zeregina" izango du gatazkak konpontzeko eta Elgoibarko osasun-zentro berriaren proiektuarekin lotutako erabakiak hartzeko.

∞Lotura duten albisteak: