C.D. Elgoibarrek jarriko du txosna otsaileko azken zapatuko ferian

Barren 2024ko ots. 21a, 15:49

Hil bukaerako nekazaritza eta abeltzaintza feria egingo dute zapatuan, otsailaren 24an, Elgoibarren.

Debemen elkarteak antolatzen ditu hil bukaerako azokak, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin, bertako baserritarrek ekoizturiko produktuen kontsumoa bultzatzeko “Baserrikoa” ekimenaren barruan. 

 9:00etan hasiko da azoka, Kalebarren plazan, bertako baserrietako produktuak saltzeko jarriko dituzten saltokiak irekitzearekin batera: Lizundiatxabola Baserria, Basartesoroeta Baserria, “Lizagasar”, eta oraingoan Elgoibarko Artalde artisau elkarteko kideek ere jarriko dute postua. 
 Haur eta gaztetxoei baserrietan ekoizten diren produktuen berri emateko helburuarekin, “Azoka Biziz” ekimena egingo dute, 11:30etik aurrera. Sasoiko produktuak ezagutzeko tailerra eta erronka jolasa egingo dituzte, Atxutxiamaika aisialdi taldearen eskutik. 


 C.D. Elgoibarrek kudeatuko du txosna
11etatik aurrera dastatu ahal izango dira C.D.Elgoibarrek jarriko duen txosnan eginiko pintxoak. Eusko Label Kalitatezko ezaugarria duen txahal sahiets eta txorixo pintxoak saltuko dituzte, Armueta harategiaren laguntzari esker, salda beroarekin batera. Klubetik jakinarazi dutenez, produktuz betetako otar bat ere zozkatuko dute txosnan kontsumitzen dutenen artean. Horrez gainera, taldearen jantziak; kamisetak eta txandalak, ere salduko dituzte, 10 eta 5 euroan. Arropa saltzetik lortzen duten dirua herriko elkarte bati emateko asmoa dute, nori eman oraindik erabaki ez badute ere. "107 urte bete ditu klubak eta txosnan egongo garenez, herritar guztiekin ospatu nahi genuke. Zapatuan Kalebarrenera osteratxo bat ematera animatu nahi ditugu herritarrak", azaldu dute klubetik.

Feria eguna osatzeko, ganadu erakusketa egingo da, eguerditik aurrera, Aita Agirre plazan.