'Azken erromantikoak' filma grabatzen ari dira Elgoibarren

Barren 2024ko ots. 21a, 13:45

Txani Rodriguez kazetari arabarraren 'Los últimos románticos' eleberrian oinarritutako filma grabatzen ari dira aste honetan Elgoibarren. Gainera, Zaira Zanguitu da grabatzen diharduten filmako zuzendariaren lehen laguntzailea.

Zinema plato bilakatuta ikusi dugu aste honetan Sallobentera bidean dagoen Bernardo Ecenarro enpresa. Enpresa egon zen eraikina, zehatzago esateko, grabazioak egiteko alokatu baitute. David Perez Sañudo zuzendariaren 'Azken erromantikoak' filma izango dena grabatzen aritu dira bertan, Txani Rodriguezen 'Los ultimos romanticos' eleberrian oinarritutako pelikula. Rodriguezek Euskadi Literatura Saria jaso zuen 2021ean lan honengatik. Eleberriak egin bezala, komunitatearen zentzua eta klase kontzientzia zeharo galdu diren garai bat du oinarri pelikulak. Testuinguru horretan, Irune protagonistaren mundu intimoa eta barne gatazkak aztertuko ditu Miren Gaztañaga aktore irundarrak emango dio bizia Iruneri. 

Perez Sañudoren bigarren lan luzea da honakoa, kritikak goraipatutako 'Ane' pelikularen ondoren. Zaira Zanguitu elgoibartarra ari da zuzendari laguntzaile lanetan (ikus 2013an BARRENen argitaratutako elkarrizketa). 
'La trinchera infinita' film saritua ekoiztu zuen La Claqueta PC eta Irusoin ekoiztetxeak daude lan honen atzean.


 Grabazioak Txankakoa zubi ondoan

Sallobentetik herrigunera etorriko dira grabazio taldekoak bariku honetan, izan ere, Santa Klara kalea eta Kalegoen plaza errepide azpitik lotzen dituen oinezko pasabidean egingo dituzte filmerako grabazioak. Hori dela-eta, aldizka itxi egingo dute pasabidea, 17:00etatik 22:00etara bitartean. Zehaztu dutenez, aipatutako mozketak 3 minututik beherakoak izango dira. Filmerako errodaje guztia zazpi bat astean egitea aurreikusten dute. Batez ere Gernikan egingo dituzte grabazioak, baina baita beste hainbat tokitan ere. Laudion izan ziren, esaterako, eta Malagara, Sevillara eta Lisboara joateko asmoa ere badute.

 Zinerako grabazioak azken urteetan Elgoibarren

Patria telesailerako grabaketa lanak egin zituzten 2019an Elgoibarren eta inguruetan eta 'Erase una vez... Euskadi' filmerako eszenak ere grabatu zituzten Santa Klara kalean 2020an. Era berean, Eibarko erdigunea ere itxiko dute, gaur eta bihar, ‘Cuerpo escombro’ pelikula grabatzeko lanetarako.

Beheko argazkian: Miren Gaztañaga aktorea, Txani Rodríguez idazlea eta David Pérez Sañudo zine zuzendaria, Laudion egin zituzten grabaketa saioan. Arg: aiaraldea.eus/Tokikom