Iñigo Alzola arrasatearra eta Garazi Abasolo aretxabaletarra izan ziren azkarrenak Antzuolako plazatik abiatu eta Irimora arteko joan-etorria egiten. Alzolak ordubete, lau minutu eta 29 segundo behar izan zituen 14,2 kilometroko ibilbidea osatzeko. Abasolok ordubete, 18 minutu eta 32 segundotan osatu zuen proba, eta errekorretik 23 segundora gelditu zen. Iazko irabazle Mayi Mujika sailkatu zen bigarren postuan emakumezkoetan, irabazlearengandik minutu bat eta 29 segundora, 1:20:01ko denborarekin. Mujikak iaz hartu zuen parte estreinakoz proba honetan eta garaipena eskuratu zuen elurretan jokatu zuten proban. Aurten elurrik ez dute topatu bidean, inguru horietan ohikoa den lokatza baizik.
Goienak 'Harmailatik' telebista saioan jaso du aurtengo Antzuolako 8 Miliak lasterketak emandakoa, eta Mayi Mukijaren adierazpenak ere jaso dituzte.
Mendi lasterketen denboraldiko lehen proba izan da Mujikarentzat honakoa, eta daukan sasoia neurtzeko probaldi aproposa izan da bere berbetan. Sufritzeko mentalidadearekin joan zen, bere ezaugarri eta gusturako proba motzegia baita Antzuola inguruetan jokatzen dutena. Halere, iaz proba irabazi zuenean baino sentsazio hobeak eduki zituela aitortu zuen probaren amaieran, iaz baino lasaiago hasi eta atzetik aurrerako proba egin duelako aurten.