Antzuolako 8 Miliak lasterketa irabazi du Mayi Mujikak

Barren.eus 2023ko ots. 27a, 16:09

Antzuolako 8 Miliak lasterketaren hamargarren aldia jokatu zuten zapatuan, eta 300 antxitxikari inguruk hartu zuten parte, tartean Casa Astigarraga trail taldeko kide ugarik.

Hamargarren ekitaldira berritasunekin iritsi da Antzuola inguruko mendietan jokatzen duten Antzuolako 8 Miliak lasterketa. Batetik, estreinakoz zapatuan jokatu zuten orain arte domekan jokatzen zuten proba; eta, bestetik, saltakari gazteentzako proba ere antolatu zuten aurtengoan.

Aurtengo lehiari dagokionez, proba honetan estreinakoz lehiatzen zen Mayi Mujika izan zen azkarrena emakumezkoetan. Ordubete, hemeretzi minutu eta 33 segundoan osatu zuen 14,1 kilometroko (736 metro positibo) ibilbidea. Lasterketa luzeagoetara ohituta dagoen arren, denboraldia hasteko lasterketa polita izan dela esan du Mujikak. "Desiatzen nengoen ibilbideko lekurik garaienetara ailegatzeko, berez direlako ederrak, baina elurrarekin are gehiago gozatu dut. Poz pozik joan naiz". Mujikaren ostean iritsi ziren helmugara Irati LarraƱaga usurbildarra (1:20:58) eta Garazi Abasolo aretxabaletarra (1:21:35).

Gizonezkoetan etxean gelditu zen garaipena, Ibai Larrea antzuolarrak errekorra ondu baitzuen beste behin, iaz ere hala egin baitzuen, ordubete eta 51 segundotan helmugaratuta, iaz baino bi minutu gutxiagoan. Elgoibarko mendi lasterkariek ere hartu zuten parte, tartean Casa Astigarraga Trail Taldeko sei kidek. Juanan Martinek eta Iker Arrillagak egin zuten denborarik onena: 1:14:53. Bi lagunek elkaarrekin gurutzatu zuten helmuga marra, 23. eta 24. postuetan. Casa Astigarragako Martin Egizabal 28. postuan sailkatu zen, 45. postuan Pablo Egizabal, 47. postuan Aitor Hernandez, 91. postuan Andoni Gabilondo eta 137. postuan Jose Luis Diez "Txelu". (ikus sailkapenak)

Lasterketak izan zuen beste berezitasun bat ere. Antolatzaileek bi urdaiazpiko laga zituzten ibilbideko puntu estrategikoetan, nork hartuko zain. Lasterkerta egunean argitu zuten non egongo ziren. Baldintza bakarra ipini zuten, urdaiazpikoa etxera eraman nahi zuenak berak garraiatu behar zuela helmugaraino. Iker Agirregabiria aretxabaletarra eta Ainhoa Aspiazu bergararra helmugaratu ziren urdaiazpiko bana gainean hartuta.

Argazki gehiago:goiena.eus

2023 02 25 mayi mujika antzuola 8 miliak helmugaratzen Goiena

2023 02 25 mayi mujika antzuola 8 miliak helmugaratzen zinta Goiena

2023 02 25 antzuola 8 miliak arrillaga elurretan emezetaklik

2023 02 27 casa astigarraga trail juanan iker antzuola 8 milak

2023 02 25 antzuola 8 miliak helmuga martin egizabal arg Goiena

2023 02 25 antzuola 8 miliak pablo egizabal arg Goiena

2023 02 25 antzuola 8 miliak casaastigarraga andoni gabilondo

2023 02 25 antzuola 8 miliak txeli Goiena

2023 02 27 casa astigarraga trail antzuola 8 milak