Saxofoi-jole Gazteen Hamaikasax lehiaketa antolatu dute Elgoibarren hilaren 24 eta 25erako

Barren 2024ko ots. 19a, 09:43

Hamaikasax Saxofoi Elkarteak eta Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika Eskolak  Saxofoi-jole Gazteen III. Hamaikasax Nazioarteko Lehiaketa antolatu dute otsailaren 24 eta 25erako (zapatu-domeka).

Lehiaketa honen bidez, saxofoi klasikoa zabaldu eta musikari gazteei saxofoiaren munduan jarraitzeko pizgarri bat eskaini nahi diete antolatzaileek, bai eta goi-mailako ikasketak egin nahi dituzten ikasleei bultzada bat eman ere. Euskal Herriko saxofoi-joleez gainera, Kantabriatik, Madrildik, Tenerifetik eta Galiziatik etorritakoek ere parte hartuko dute, hemeretzi guztira, eta tartean Elgoibarko lau ere arituko dira:  Elaia Etxaniz Irureta (A mailan), Laia Martinez Astigarraga (B mailan), Leire Etxaniz Bereziartua eta Itxaso Garaizabal Mujika (C mailan). Parte hartzen dutenek euren adin eta maila antzekoa duten beste musika eskola eta kontserbatorio batzuetako ikasleekin lehiatu ahal izango dira. 

Jagoba Astiazaran musikagile zestoarrak sortutako obra interpretatu beharko dute finalean A Saileko lehiakideek. Astiazaranek SGAE fundazioak urtero ematen duen Konposizio irabazi zuen iaz. Era berean, partaideek, antolakuntzak jarritako bi pianojolerekin jotzeko aukera izango dute. Joana Otxoa eta Iñar Sastre piuanojoleak arituko dira aurten zeregin horretan.

Epaimahaia hiru lagunek osatuko dute: Miguel Angel Lorente (Musikene), Nahikari Oloriz (Nafarroako Goi-mailako Kontserbatorioa) eta Jagoba Astiazaran (Konpositorea). 

 Bi kontzertu


Lehiaketaz gainera, bi kontzertu ere antolatu dituzte. Otsailaren 24an, Musikeneko saxofoi taldekoak -Thomas Barthelemy-k zuzenduta- entzuteko aukera izango da, 19:00etatik aurrera, musika eskolako auditoriumean, eta biharamunean, otsailaren 25ean, beste kontzertu bat antolatu dute, Herriko Antzokian. Elgoibarko Udal Musika Bandak emango du kontzertua eta bandarekin batera bakarlari lanak egingo ditu Pablo Mira Rico saxofoi-joleak, azken edizioko irabazleak. 12:30ean hasiko da kontzertu hori. Bi kontzertuak debalde izango dira, eta otsailaren 25ekoaren ondoren, lehiaketako sari banaketa ekitaldia ere egingo dute. Informazio gehiagorako: hamaikasax.wixsite.com/hamaikasax 

Elgoibarko Udal Musika Bandaren kontzertuko egitaraua:

  1. TEATRO MONTECARLO……….…………….A. Perelló
  2. RAHSODY FOR ALTO SAXOPHONE….….A. Waignein [Bakarlaria Pablo Mira Rico]
  3. ALATRISTE……………………..…………..Roque Baños
  4. MAMBO FURIOSO……………………………B. Karrick