Zozketa publikoa izango da eta Udaletxeko Osoko Bilkura aretoan egingo dute, 11:00etan. Udalak aurreratu duenez, lursaila erabiltzeko aukera eskuratzen duten herritarrak apirilaren 1ean hasi ahalko dira tokatu zaien partzela erabiltzen.
Elgoibarko Udalak eskatuta, Grupo Eibar sustatzailea ari da Urruzuno ingurunea urbanizatzen. Iñigez Karkizao kaleko berdegune batean dihardute aisialdirako gune berri bat eraikitzen, besteak beste, haurrentzako jolas-gune bat, kalistenia-parke bat, urmael bat eta baratze publikoak izango dituena.
Proiektu honek 30 baratze sortzea aurreikusten du, bakoitza 30 metro koadrokoa. Udalak baratze horietako bi beretzat gordeko ditu (1. eta 2. zenbakiak), eta guztira 28 baratze lagako ditu erabilgarri (3 zenbakidunetik 30era arte). Ortu publiko horiek instalazio komunak dituzte (bidea, eremu komuna, etxola...). Joan den ekainean zabaldu zuten baratze publikook erabili ahal izateko izen ematea, eta guztira 97 eskaera jaso zituzten. Zozketarako onartutakoen zerrenda, berriz, 91 lagunekoa da. 6 eskaera kanpoan geratu dira, eskatutako baldintzak ez betetzeagatik. Baratze horiek erabiltzeko lizentziek urtebeteko iraupena izango dute hasieran, eta urtero berritu ahal izango dira, gehienez ere hiru (3) urtera arte, esleipena egin eta hurrengo egunetik aurrera.