Elgoibarko Udalak eskatuta, Grupo Eibar sustatzailea ari da Urruzuno ingurunea urbanizatzen. Iñigez Karkizao kaleko berdegune batean dihardute aisialdirako gune berri bat eraikitzen, besteak beste, haurrentzako jolas-gune bat, kalistenia-parke bat, urmael bat eta baratze publikoak izango dituena.
Udaletik jakinarazi dutenez, azken txanpan dira ingurua urbanizatzeko lanak. Mahaiak eta iturri bat ipintzen dihardute une honetan, eta baita baratzeak mugatuko dituzten hesolak jartzeko lanak egiten ere. Aste honetan armairuak instalatuko dituzte, eta heskaia eta sare-jokoa dagokion lekuan ipini. Azaroan zuhaitzak landatuko dituzte, haurrentzako jolasak jarri eta aparkalekua egokitu.
• 97 eskatzaile baratze publikoetarako
Proiektu honek 30 baratze sortzea aurreikusten du, bakoitza 30 metro koadrokoa. Udalak baratze horietako bi beretzat gordeko ditu (1. eta 2. zenbakiak), eta guztira 28 baratze lagako ditu erabilgarri (3 zenbakidunetik 30era arte). Ortu publiko horiek instalazio komunak dituzte (bidea, eremu komuna, etxola...). Joan den ekainean zabaldu zuten baratze publikook erabili ahal izateko izen ematea, eta guztira 97 eskaera jaso dituzte. Datozen asteetan, eskaeren azterketa teknikoa egingo du Udalak, eta ezarritako baldintzak betetzen dituztenen artean, lurzatiak esleitzeko zozketa egingo dute. Aurreikuspenen arabera, prozesu hori osatu eta lursailak urtea amaitu baino lehen esleituko dituzte.
Baratzea erabiltzeko lizentziak urtebeteko iraupena izango du, eta urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez hiru urtera arte, esleipenaren hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
∞Lotura duten albisteak: