Atxutxikaraokea eta bertsio-gaua, inauteriak kantuan bizitzeko

Barren 2024ko ots. 6a, 19:37

Iazko bertsio gaueko irudia. Argazkia: Mikel Askasibar.


Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak antolatutako inauterietako programaren barruan, otsailaren 10ean, atxutxikaraokea eta bertsio gaua egingo dituzte.

Azken urteerako ohiturari segida emanez, Maalako parkean egingo dute Atxutxikaraokea, 17:30etik 19:00ak bitartean. 16 urtez azpikoek parte hartu ahal izango dute, eta ez da aurrez izenik eman beharko. 


 Bertsio gaua, bigarrengoz


Gauerako, berriz, bertsio gaua antolatu dute 16 urtez gorakoentzako. 00:00etan hasiko da, eta taldeka zein bakarka parte hartu ahal izango da. Abesti bat bertsionatu beharko dute, playbacka eginez nahiz zuzenean abestuz. 
Lau sari banatuko dituzte: taldeko sari nagusia (250 euro), bakarkako saria (170 euro), taldekako bigarren saria (170 euro) eta sari berezia (150 euro).

Parte hartu nahi duenak izena eman beharko du Elgoibarko Izarraren webgunean.
Iaz egin zuten estreinakoz bertsio gaua eta hamazortzi taldek eta bakarlarik hartu zuten parte jai giroa nagusi izan zen lehiaketan. (ikus hemen iazko irabazleak)