Miriam Arrillaga aginagarra eta Maddalen Etxegarai oñatiarra kantxaratu ziren lehenik, emakumeen Lau t’erdiko txapelketaren finala jokatzera. Amasa-Villabonako Behar Zana pilota taldeko kidea den Arrillagak Etxegaraik baino biziago jo zuen pilota eta min egin zion aurkariari. Hala, Arrillagak markagailuan errenta txiki bat hartu zuen partidaren hasieran. Etxegarai jokoa aurreko koadroetara eramaten saiatu zen eta lortu zuen markagailuko desabantaila murriztea, partidaren erdi aldera. Ez zen nahikoa izan. Arrillagak pilotari indartsu joten jarraitu zuen eta bata bestearen atzetik tantoak irabazita ailegatu zen 22. tantora. Hamabi tantoan laga zuen Etxegarai. Hortza, Miriam Arrillaga da San Anton pilota txapelketako estreinako emakumeen lau eta erdiko lehiaketako irabazlea.
• Amiano eta Loza nagusi promesetan
Promesa mailako finala jokatu zuten jaialdiko bigarren partidan. Unai Amianok (Aurrera Tolosa) eta Carmelo Lozak (Barberito) osatutako bikoteak, Beñat Zubizarreta (Lapke) eta Eneko Beloki (Gazteleku) izan zituen aurkari. Partida hasiera ikusgarria eta parekatua eskaini zuten lau pilotariek. Bizi jo zuten pilota eta ikusleen txaloak jaso zituzten erremateak ere egin zituzten. Berdinduta ailegatu ziren partidaren ekuadorrera, baina hamarna berdindu ostean, Amianok eta Lozak mendean hartu zituzten aurkariak, eta 12-2ko partzialari esker 22-12 irabazi zuten partida.
• Min hartuta ere nagusi
Iñaki Elolak (Aurrera Tolosa) eta Ekain Lizeagak (Mundarro) Ander Muruaren (Soraluze) eta Antton Apezetxearen (Umore Ona) aurka jokatu zuten senior mailako finalak ere hasiera ikusgarria eduki zuen. Nor baino norrago aritu ziren lau pilotariak, baina Murua eta Apezetxea 8-6 aurreratu ziren tantoak baldintzatu zuen partida. Inflexio puntua izan zen. Izan ere, tanto horretan, Iñaki Elola aurrelari bidaniarrak min hartu zuen eskuin oineko orkatillan. Atseden txiki baten ostean, erdi errenka jokatu zuen hurrengo tantoa eta minak alde egiten ez zuela ikusita berriro gelditu zuen partida, oinari erreparatzeko. Partida bertan behera laga zezakeela ere ematen zuen arren, jarraitzea erabaki zuen, minez ari zela ageri-agerikoa zen arren. Muruak eta Apezetxeak abantaila txiki bat eskuratu zuten markagailuan, baina hasieran zuten erritmoa galdu zuten, beharbada, eta pixkanaka galdu egin zuten pilatutako errenta hori. Era berean, errenka jokatzen ari zen Elolak arrisku handiagoak hartzea erabaki zuen, partida ahal zuen azkarren bukatzeko, hartu zuen kolpea guztiz hoztu aurretik. Eta, zirt edo zart taktikak ongi funtzionatu zuen. Lizeagak eta Elolak 19na berdindu zuten partida eta hogeinako berdinketaren ostean, 22-20 irabazi zuten finala.
∞Lotura duten albisteak:
- San Anton pilota txapelketako hiru finalak urtarrilaren 13an jokatuko dituzte (2023-01-11)
- Emakumeen Lau t'erdiko Pilota Txapelketa ere izango du aurten San Anton Torneoak (2022-12-23)
- San Anton pilota txapelketako bigarren finalerdiak jokatuko dituzte urtarrilaren 5ean (2023-01-03)
- Igoa eta Arbizu nafarrak gailendu dira San Anton Pilota txapelketan (2022-01-15)
- Bertan behera gelditu da San Anton Pilota txapelketa (2021-01-13)
- Murua eta Uriondo nagusitasunez gailendu dira San Anton Pilota txapelketan (2020-01-18)
- Labaka eta Telletxea gailendu dira 27. San Anton Pilota Txapelketan (2019-01-20)
- Seniorretan Alberdi-Aizpuru eta promesetan Alberdi-Apezetxea irabazle, San Anton txapelketan (2018-01-20)
- Espinal eta Zezeaga nagusi San Anton Pilota Txapelketan (2017-01-25)