Elgoibarko Udalak azaldu zuenez, herriko kultur programazioa aberasteko asmoz sortu zuten Herriko Antzokiari buruzko gogobetetze inkesta. Azaroaren 20ra bitartean zuten erantzuteko aukera herritarrek, eta 151 lagunek bete zuten galdetegia. Orain emaitzen berri eman dute. Udaletik jakinarazi dutenez, herritarrak orohar "oso pozik" daude Herriko Antzokiarekin eta programazioarekin. Galdetutakoen %71,5ek ontzat edo oso ontzat jo dute programazioa, eta %72,2k modu berean baloratu zituzten ikuskizunak. Gainera, inkestatuen % 92,7k Herriko Antzokiko langileen arreta goraipatu zuen.
Hala ere, hobetu beharreko arloak ere identifikatu dituzte. Eraikinaren egoerak, batez ere leihatilaren irisgarritasunak, komunen irisgarritasunak eta azken horien egoerak kritikak jaso zituzten inkestan. %57k uste du eraikinaren egoera ona dela, eta %24,7k, berriz, hala-holakotzat jo zuen. Hobetzeko iradokizun gehienak komunak berritzean eta horien irisgarritasuna hobetzean oinarritzen dira.
Ekitaldien ordutegiei dagokienez, inkestatuen % 71,5 ados daude ostiraletako 19:00etako ordutegiarekin, baina % 26,5 ez daude ados. Ados ez dauden % 26,5 horietatik gehienek nahiago dute beranduago hastea. Baina beste pertsona batzuek 19:00ak baino lehenagoko ordutegiak proposatzen dituzte.
Eskaintza zinematografikoari dagokionez, % 68,2k ez du interesik filmak azpitituluekin ikusteko, eta % 62,8k nahiago du filmak jatorrizko bertsioan ez ikusi. Hala ere, % 14,9 ez dago ados zine emanaldien egungo ordutegiarekin, eta ordutegiak aurreratzea proposatu dute, zinema klubeko eta larunbateko ordutegien aldean, 21:00etan.
Udal arduradunek adierazi dute herritarrek inkestaren bidez erakutsi duten gogobetetzea handia dela, baina uste dute xehetasun zehatzei arreta jartzeak are gehiago hobe dezakeela publikoaren esperientzia. "Udalak konpromisoa hartzen du hobekuntzen inplementazioan lan egiteko".
Inkestaren txostena www.elgoibar.eus webgunean dago eskuragarri. Elgoibarko Udalak eskerrak eman dizkie inkesta bete duten guztiei Herriko Antzokiari buruzko iritziak eta iruzkinak partekatzeko denbora hartzeagatik.
• Zozketako saritua
Inkesta honetan parte hartzeagatik, Txankakua merkatari elkarteko dendetan erosketak egiteko 80 euroko bonu bat zozkatu dute, eta sariduna Iker Zubiaurre izan da.
∞Lotura duten albisteak: