Inkesta egitearen arrazoia elgoibartarrek herrian programatzen diren filmekin eta antzerkiekin izaten dituzten esperientzien inguruko iritziak jasotzea dela azaldu dute Kultura Sailetik. “Jakin nahi dugu zein diren Herriko Antzokiko erabiltzaileek gogokoen dituzten gauzak, zein genero edo formatu nahiago duten, eta nola hobetu eta dibertsifikatu dezakegun Elgoibarko kultur eskaintza”.
Galdetegia udal webgunean (www.elgoibar.eus) edo whatsapp bidez eskuratu ahal da, eta baita, era fisikoan, HAZen (Herritarren Arreta Zerbitzuan). Galdetegia erraz ulertzeko eta erantzuteko modukoa dela azaldu dute eta erantzun guztiak anonimoak eta konfidentzialak izango direla. "Ez da inolako informazio pertsonalik jasoko, eta datuak zerbitzuak hobetzeko bakarrik erabiliko dira".
Eskertza moduan, parte hartzen duten guztiek zozketa berezi batean parte hartzeko aukera izango dute galdetegia bete ostean. Zozketan, 80 euroko erosketa-bonu bat irabazi ahal izango dute Txankakua Merkatarien Elkarteko dendetan gastatzeko.
Galdetegia betetzeko azken eguna azaroaren 20a izango da. Galdetegia honako leku hauetan utzi behar da: HAZ, Jubilatuen Biltokia, Aita Agirre kulturgunea, Olaizaga kiroldegia edo I. Bereziartua Musika Eskola.
Galdetegia online, esteka honetan: https://labur.eus/HerrikoAntzokia