Aisiakin enpresa itxi da

elgoibarren.net 2007ko ots. 26a, 13:56

2006ko abenduaren 31tik itxita dago Aisiakin enpresa, 50 urtetik gorako ibilbidea amaitutzat emanaz. Itxiera unean enpresan zeuden 40 langileek bide ezberdinak hartu dituzte: aurre erretiroa batzuk, enpresa berrietan lana topatu dute besteek eta bakarra geratu da langabezian. Guztiek lortu dute enpresak zor ziena kobratzea.




•    Sindikatuen iritzia
Sabin Zenarruzabeitia LAB-eko delegatuak eta Koldo Aranburu Aisiakineko langile eta LAB-eko delegatu ohiak azaldutakoaren arabera, enpresaren itxierak langile denak ezustean hartu zituen. “2004 urteko balantzea positiboa izan zen, Aisiakinek irabaziak eduki zituela esan zitzaigun-eta. 2005ean, baina, enpresa gaizki zegoen zurrumurruak entzuten hasi ziren kalean, enpresa barruan inork ez baitzekien ezer ere ez”. 2005ean jakin zuten ordainketen etenaldi egoeran zegoela enpresa. “Ez genuen ulertzen. Nola zitekeen 2004an irabaziak izan eta urte bat beranduago, 600 milioiko zorra edukitzea?”.
Zuzendaritzatik azaldu dietenez, “gestio txar bat” izan zen egora honen erantzulea. Zorrak zor, langileek enpresa aurrera atera behar zela adostu zuten. Saiatu arren, errealitateak ezinezkoa zela erakutsi eta enpresa itxi beharrean aurkitu ziren 2006ko abenduaren 31n.
 

1706641864346 Aisiakin enpresa itxi da

 

1706641864388 Aisiakin enpresa itxi da



•    Zuzendaritzaren iritzia

Juan Carlos Villanueva, administratzaile bakarra

Juan Carlos Villanueva Aisiakin-eko administratzaile bakarrak elgoiBARREN.net-i egindako adierazpenetan, 2002-2003. urtean sektorean egon zen krisi gogorra aipatzen du arazoen iturburu gisa, "zorrak bata bestearen atzetik pilatzen hasi ziren".
2003ko azaroan jabetu ziren enpresak egin zuen diru zuloaz eta zorrak mozteko etenaldi egoera deklaratzea beste aukerarik ez zuten izan, 2004ko otsailean.
 
 
Enpresan aurrera jarraitzeko erabakia hartu zenez, ordura arteko hornitzaileei bideragarritasun plana aurkeztu behar izan zieten eta guztiekin hitzarmenak sinatu; horrelako kasuetan legeak ezartzen duen moduan.
Enpresa berpizteko kapitala bilatzeari ekin zioten gero. Talde kooperatibista ezagun batek Aisiakin bereganatzeko interesa agertu eta elkarrizketak hasi zituzten bi aldeek. Luze eta zabal jardun zuten,  baina elkarrizketek iraun zuten bitartean beste enpresan izandako aldaketek, dena pikutara bidali eta absortzio ahalegina bertan behera geratu zen, "Ia erabakita zegoenean" Villanuevak aitortzen duenez.
Irtenbiderako aukera horren gertu ikustearen ondorioz, “eztia ezpainetan” eta lur jota geratzeaz aparte, “ziurgabetasuna sorrarazi zuen honek gure bezero, hornitzaile, banku etab.etan.” gaineratu digu administratzaile bakarrak.
Gauzak horrela, ez zen makina berririk egiteko eskari gehiago sartu. Zulo handiagoa egin ez zedin eta hornitzaileak ez gehiago kaltetzeko enpresa “nahita nahiez” disolbatu behar izan zuten.