Zalantzak lur industrial gehiagoren beharraz
ANV-EAEko Iñaki Odriozolaren berbetan, "Elgoibarren lur industrial asko behar dela esan dio Alfredok (Etxeberria) Olanori. Eta prest agertu da gune industrial erraldoiak, Lerun-Txiki Morterika, esate baterako, promozionatzeko". Betiere behar horri buruzko "ikerketa seriorik" egiteke dagoenean.
Lur industrialaren beharrari buruzko "ikerketa sakona eta inpartziala" egitea eskatzen du Odriozolak.
Etxegintza eroarekin kezkatuta
Etxegintza eroa deitzen diotenarekin ere kezkatuta daude EAEn. "Etxegintza eroa babesteko PNVren apustuak aurrera darrai. Boletinean agertu den bezala, Urruzuno 2 eta 3 etxegintza proiektuan 100 etxe gehiago egitea onartu dute, arau subsidiarioak eraberritu gabe, aldaketa puntualak egitearen taktika erabiliaz".
EAEren iritziz, "Babes Ofizialeko Etxebizitzak egiteko aitzakia erabili da azken urteetan, etxebizitza libreak zentzugabe eraikitzeko". Urruzuno 2ko kasua jartzen dute adibidetzat: "98 etxetik 196 etxe izatea lortu dute arauen aldaketa puntuala medio. 72 etxebizitza Babes Ofizialekoak direla da aitzakia". Babes Ofizialeko Etxeak beharrezkoak badira, beste 100 etxebizitza libre berri, "espekulatzeko ez bada" zertarako egin diren galdetzen dute. "Nori egin dio Udalak erregalo hori? Zein eraikuntza-enpresari?"
Jarrera aldaketarik ez
EAE-ANVk bi gai hauetan "aurreko alkatetzaren jarrera berdina" ikusten duela salatu du, alegia, "EAJ-PNVren enpresarioekiko eta eraikitzaileekiko menpekotasuna". Joera honen ondorioa ei da euren ustez, "gune industrial erraldoien garapen trixkatzailea, eta etxebizitzen eraikitze espekulatiboa".
Arau subsidiarioak berritzeko eskaera
Elgoibarko arau subsidiarioak zaharkituak daudela, "1992koak dira" eta berritzeko beharraz ere gogoeta egin zuen Odriozolak. "EAJ-EAk hankaz gora jarri dituzte arauok azken urteetan. Aldaketa puntualak, adibidez, salbuespenak dira, noizbehinkakoak, baina hemen Elgoibarko EAJk lege bihurtu ditu. Gutxienez, 18 aldaketa puntual egin dira". Salaketa hau oinarritzeko 1992an onartu ziren arauak aztertzeko gonbitea egiten dute EAEko ordezkariek, "ez daukate zerikusirik herriak izan duen garapenarekin. Hortaz, zertarako onartu ziren?" galdetzen dute.
Arau subsidiarioak eraberritzeko prozesua hastea eskatzen du EAE-ANVk Udalari, "eta burutu artean, ez dezala onartu arauen aldaketa puntual gehiagorik".
∞ Lotura duten albisteak:
- Herriko errealitatea bertatik-bertara ezagutzeko bisita egin digu Markel Olano diputatu nagusiak (2007-11-15 elgoiBARREN.net)
- Urruzunon 196 etxebizitza egiteko lanak berehala hasiko dira (2007-11-15 elgoiBARREN.net)
EAE-ANVren argazkia
Joan zen zapatuan (azaroak 24) Independentzia Eguna ospatu zuten Elgoibarko EAE-ANVkoek Plaza Handian. Bertan batu ziren herriko abertzale independista guztiek independentziaren aldeko aldarria egin zuten "guk euskal nazioa, independentzia" lelopean.