Ikerketa sakona egin arte industrialeku gehiago ez eraikitzeko eskatu dio ANVk Udalari

elgoibarren.net 2008ko urt. 24a, 10:32

Lerun Txiki-Morterika industrialdearen proiektua Eusko Jaurlaritzak atzera bota duela-eta, Elgoibarko EAE-ANVk industria-lurren beharra aztertzeko ikerketa sakon eta inpartziala egitea eskatu dio Udalari. Arau Subsidiarioak berritu arte Lerun Txiki-Morterika proiektua bertan behera lagatzea ere eskatu diote.
Udalak, berriz, onartu du Jaurlaritzak hasierako proiektua laurdenera murriztu duela.

 
 
 
Elgoibarko ANVk prentsaurrekoan azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolakuntza eta Ingurune Sailak “sekulago egurra” eman dio Udalari, Lerun Txiki-Morterikan industrialdea eraikitzeko zituen asmoetan. "Aurreikusita zeuden 70.000 metro karratuetatik 40.000 metrotara murriztu du Jaurlaritzak industrialekurako gunea".
Urtarrilaren 10ean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean agertu zen Lerun-Txiki-Morterikako arau subsidiarioen aldaketa dela-eta, duela urtebete Elgoibarko Ezker Abertzaleak (einbiou orduan) honako alegazioak egin zituen: “lur apurtze handiegia zela, basoa babestu behar zela, ibaia eta meandroa libre utzi behar zirela... guri Udalak atzera bota zizkigunak, Jaurlaritzak guztiak aintzat hartu ditu, eta momentuz, atzera bota du Lerun Txiki-Morterikako proiektua”. Horren aurrean, Udalak proiektua egokitu du eta Jaurlaritzak onartu du bigarren proiektu hori, baina ANVk dio egokitzapenak, berriz ere, “lehengoak dauzkan hutsuneak” dituela. “Gauzak ez dira gehiegi aldatu: lur industrialaren behar handia dagoela adierazten da, 1992an bezala, horretarako ikerketa sakon eta inpartzialik egin gabe, eta egoera berriak kontutan hartu gabe;  1992tik hona bost gune industrial berri egin dira, eta batzuk burutu edo gauzatu gabe daude". Bailara bere osotasunean aztertu behar dela diote.
 
Alkatetzaren jarrera

1706641395457 Ikerketa sakona egin arte industrialeku gehiago ez eraikitzeko eskatu dio ANVk Udalari

Alkatetza aldatu den arren, gai honen aurrean lehengo jarrerari eusten diola esan du ANVk, eta erabakiak; eta erabaki aldaketak, arrazoirik gabe hartzen direla, alkateak “agintzen” duelako.
Orain 6 hilabete, behar beharrezkoa zen Lerun-Txiki Morterikako proiektu erraldoia. Behar beharrezkoa zen Balligoitxiko Gune industrial berria. Orain, Balligoitxi ez da behar, eta Lerun-Txikikoa laurdenera jaitsi da. Baina, ez lehen, ez orain, ez digute arrazoirik eman –zeren, itxuraz, lur industrial beharra berbera da, txostenak dioenez. Alkatetza honek , besteak bezala, egin eta desegin egiten du inori konturik eskaini gabe. Agian herritarrekin ondo gelditu nahiak beharturik, agian borondate onez, baina berdin”.
Azkenik, Udalak arau subsidiarioak aldatzen jarraitzen duela salatu zuten ANVko ordezkariek: “jadanik 20 baino gehiago eta indarrean daudenak errespetatu gabe”. Eraberritu artean aldaketak bertan behera lagatzea ere eskatzen dute.

Alegazioak aurkeztuko ditu ANVk
Jaurlaritzak hartutako erabakiarekin pozik azaldu dira ANVkoak, “guk esandakoak, berandu bada ere, baduelako zentzurik eta arrazoirik”. Egoera salatzeaz gain, Elgoibarko ANVk alegazioak aurkeztuko ditu lur industrialen beharrari buruzko ikerketa sakon eta inpartzial bat egitea eskatuz eta Arau Subsidiarioetan aldaketa gehiago ez egiteko aldarrikatuz. Euren ustez, Arau Subsidiarioak berritu arte Lerun Txiki-Morterika proiektua bertan behera lagatzea izango litzateke egokiena.

        Ikerketa egitearen aldekoa da Udala
Alfredo Etxeberria alkateak onartu du Jaurlaritzak laurdenera ekarri duela Lerun-Txiki Morterikan industrialekua eraikitzeko proiektua. “Jaurlaritzak esandakoa onartu beste erremediorik ez dugu eta dioenari kasu egin”.
Lur industrialen beharra aztertzeko ikerketa bat egiteko asmoa aurreikusten dutela ere onartzen du Elgoibarko alkateak, “ikerketa hori arau subsidiarioak aldatzearekin batera egin beharko litzatekeela uste dugu. Hain justu, arau subsidiarioak legegintzaldi honetan aldatzeko asmoa daukagu”.
 
  ∞ Lotura duten albisteak: