Debabarreneko enpresa-ehunaren berrikuntza sustatzeko eskualdeko agente izendatu dute Debegesa

elgoibarren.net 2008ko ots. 12a, 12:59

 
Izendapen horrekin Debegesak aukera emango die enpresei Debabarrena eskualdeko berrikuntzarekin zerikusia duten gogoetak, esperientziak eta jakintzak elkarrekin banatzeko. Horretarako, Debegesak Debabarreneko enpresei berritzaileak izaten lagunduko dieten ekimen eta programak sustatu eta koordinatuko ditu, esaterako, Berrikuntza Foroak eta Berrikuntza Agendak.



Eusko Jaurlaritzak, SPRIk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debabarrenako tokiko ordezkariek aurkeztu zuten Debegesa Debabarrena eskualdeko berrikuntzako agente bezala, Debegesaren egoitzan egin zen ekitaldian.
 

1706641351242 Debabarreneko enpresa-ehunaren berrikuntza sustatzeko eskualdeko agente izendatu dute

 Aurkezpenean ekimenaren sustatzaile nagusiek parte hartu zuten: José Ignacio Zudaire, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Berrikuntza eta Energiako sailburuordea; Mauri Lazkano, SPRIren zuzendari nagusia José Ramón Guridi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako diputatua eta Irune Berasaluze, Debegesaren presidentea.

Debegesa Innovanet sareko kide joan zen abuztutik
Innovanet Sarea Euskadiko erakunde nagusiek osatzen dute (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, SPRI, Confebask, Eusko Ganberak eta Garapen)  eta bere helburua topaleku izatea da Euskadiko berrikuntza sustatzen duten agenteentzat. Lehenengo aldia da berrikuntza sustatzeko lanean ari diren Euskadiko erakunde eta agente guztiak sare berean elkartzen direla. Denok daukate helburu berdina: Euskadi Europako eredu bilakatzea berrikuntza arloan.

Sarearen eraketa Eusko Jaurlaritzak eta hiru lurraldeetako Foru Aldundiek Enpresa Lehiakortasunaren eta Gizarte Berrikuntzaren 2006-2009 Plana garatu eta aplikatzeko sinatu zuten erakundearteko hitzarmenaren barruan kokatzen da.

Lehendakariak “2008: Berrikuntzaren urtea Euskadin” jarduera programaren irudia eta helburuak aurkeztu zituen pasa den urtarrilaren 15ean. Programa horren xedea da gizarte (hots, pertsona eta antolakunde) berritzailea izatearen garrantziaz jabetzea, eta bide berriak esploratzea. 

Berrikuntza sustatzeko Debegesaren konpromisoa
Debabarrenak bere egin nahi ditu “2008: Berrikuntzaren urtea Euskadin” jarduera programaren helburuak eta berrikuntza sustatzeko konpromisoa hartu du bere inguruan. Debegesak eskualdeko berrikuntza agente izatea onartu du helburu hori lortze aldera.

Debegesak, berrikuntzako eskualdeko agente den heinean, Debabarrenako enpresei berritzaileak izaten lagunduko dieten ekimen eta programak sustatu eta koordinatuko ditu, esaterako, Berrikuntza Foroak eta Berrikuntza Agendak: “jarri berrikuntza zure agendan”.   
  •      BERRIKUNTZA FOROAK: Sentsibilizazio jardunaldiak dira. Bertan, Berrikuntza Agendak programako Berrikuntza Agendek eskaintzen dituzten jarduerak azaltzen dira EAEko ETEak geroz eta berritzaileagoak izan daitezen eta etengabe eta sistematikoki berritu dezaten.
  •     BERRIKUNTZA AGENDAK: Enpresak berritzaile izan behar duela onartu ondoren, gogoeta estrategiko baten bidez, enpresaren “Berrikuntza Agenda” definituko dugu. Agenda horretan jasotzen dira enpesak ezarri duen estrategia berritzailearekin bat datozen berrikuntza proiektuak.  Beraz, Berrikuntza Agenda lehenengo pausua da, ondoren datozen I+G+B (berrikuntza prozesu, produktu, merkatu, antolaketa eta negozio ereduan) laguntza publikoak jasotzeko.

∞ Informazio gehiago:
    •  Euskadiinnova