1782an sortu zen Elgoibarren hil bakoitzeko azken zapatuan nekazaritza eta abeltzaintza feria egiteko ohitura.
Gaur egun, ganaduaren eta nekazaritza tresnen erakusketa eta salmenta egiten da bertan (Plaza Txikian), baina garairik onenak aspaldi joanak direla ematen du.
Gero eta salmenta postu gutxiago dago eta bisitariak eta erosleak ere asko urritu dira. Azken zapatuko feria ez da, inondik inora, duela urte batzuk izatera iritsi zena: Elgoibarko eta inguruko baserritarren bilgune.
Feriari bizi berria emateko proposamenak
Udalak 226 urte iraun duen ohitura gal ez dadin, hileko azken zapatuko feriari bultzada bat eman eta indartzea erabaki du. Ez dago ezer lotuta oraindik, baina alkateak aurreratu duenez, hartutako neurri berriekin proba moduko bat egitea gustatuko litzaieke ekainerako.
Lau ardatzetan oinarritzen den ideia baten berri eman du Udaleko buruak.
- Feria indartu. Plaza Txikiko inguruetara zabaltzeko aukera aztertzen ari da Udala; Kultur Etxearen aurrealdera edo Leku Eder parkera, esate baterako. Hain zuzen ere, Leku Ederren sortu nahi duten gune berria, 20 x 25 metroko espazioduna, erabili nahi dute azokarako. Bertan, Udalak eta Debemenek erosi duten karpa estalia jartzeko aukera egongo litzateke.
- Herri kirol erakustaldiak. Afizionatuek eskainitako erakustaldiak antolatzea aztertzen ari da Udala.
- Postu berriak sortu. Herriko baserritarrek euren produktuak (barazki, fruitu, e.a.) saldu eta erakusteko postu berriak sortu.
- Hilero produktu bat nabarmendu eta azokako protagonista egin. Honez gain, feriako giroa arratsaldera arte luzatuko lukeen ekitaldiren bat antolatzearen aldeko apostua egiten du Udalak.