Merkatu plaza berritzeko aukerak aztertzen ari dira Udala eta merkatariak

elgoibarren.net 2008ko ira. 19a, 14:37


Merkatu plazako postuak erabiltzeko baimena 2012. urtean amaituko zaie egungo merkatariei. Epe hori begi-bistatik galdu gabe, udaberri inguruan hasi ziren Udala eta merkatu plazako dendariak etorkizunerako merkatu plaza berria diseinatzen, elkarlanean. Erosleentzako eta saltzaileentzako erosoagoa eta erakargarriagoa izango den merkatu plaza egin nahi dute.


Helburua, gainbehera etetea

1706640871520 Merkatu plaza berritzeko aukerak aztertzen ari dira Udala eta merkatariak

Elgoibarko merkatu plazak 35 salmenta posturekin ireki zituen ateak, eta eguenetan 60 baserritar etortzen ziren euren produktuak saltzera. Gaur egun hamabi dendarik daukate postua merkatu plazan: hamaikak beheko solairuan eta batek lehenengoan. Eguenetan bi postu gehiago irekitzen dira, eta zenbait baserritar ere etortzen dira. Urteen poderioz, merkatu plazak indarra galdu du, eta hori berreskuratzea da Udalaren nahia.

Hiru proiektu aukeran

Merkatua berritzeko 3 aurre-proiektu aurkeztu ditu oraingoz Udalak.

Udalak hiru aurre-proiektu aurkeztu dizkie merkatu plazako dendariei. Udalak proposatutakoaren arabera, salmenta postuak handiagoak izango dira eta postu guztiak solairu berean kokatzea proposatu diete dendariei. Hasierako ideiaren arabera, 25m²ko hamabi postu jartzea aurreikusten da, orotara 300 m² izango lituzkeen solairu bakarrean. Modu horretan, dendariek dauzkaten espazio arazoak konponduko lirateke, eta salmenta postuen kokapena egokituta, dendari bakoitzak bere biltegia izango luke postuaren azpian, sotoan; zama-montagailu baten bidez konektatuta. Era honetara, gainera, Merkatu plazako bigarren solairuan geratuko litzatekeen espazioa beste zerbaitetarako aprobetxatzeko aukera legoke.

Barren Azoka elkartea

Merkatu plazako dendariek Barren Azoka elkartea sortu dute gai horren ardura hartzeko. Bertako kideek azaldutakoaren arabera, ados daude merkatu plaza berria egiteko beharrarekin, baina Udalak oraindik ez omen die proiektuen kostuari buruz ezer esan. Euren esanetan, garrantzitsuena kostu ekonomikoa jakitea da, proiektuarekin aurrera edo atzera egin erabakitzeko.