Lau langile kaleratu dituzte Mupem enpresan krisiaren ondorioz

elgoibarren.net 2008ko aza. 12a, 15:06

 
Krisi ekonomikoa erreminta makinaren alorra ere astintzen hasi da. Mupem enpresan lau langile kaleratu dituzte, eta LAB sindikatuko ordezkariek jakitera eman dutenaren arabera, une gogorrak bizitzen ari dira. Auto karabanak eta mobilizazioak egingo dituzte egoera salatzeko.

 
 

Despidoen aurkako kartela Urasandiko zubian.

 “Larrituta gaude, eta etorkizuna oso beltz ikusten dugu
”, adierazi dute LAB sindikatuko ordezkariek. Eman duten informazioaren arabera, lau langile horiek hogei eguneko indemnizazio minimoa jaso dute solik. Mupem enpresaren produkzioa erreminta makinaren alorrean kokatzen da. Adituen esanetan, sektore hori oraindik ez dago krisi egoera larrian, baina zenbait enpresa hasi dira krisiaren eraginak antzematen. Mupem enpresan makinaria txikia eta ertaina egiten dute, eta alor horrek konpententzia handia ei du: “Elgoibarko enpresa askok makina handiak egiten dituzte, eta horiek ondo dabiltza, baina Mupenek konpetentzia handia dauka”.

  Mupem enpresaren gainbehera
 Mupem enpresa 1990. urte inguruan joan zen Elgoibartik Itziarrera. Garai hartan 90 langile inguru zeuden enpresan, baina poliki-poliki, egoerak txarrera egin du. LABeko ordezkariek emandako azalpenen arabera, “enpresaren gestioa azken urteotan ez da ona izan”, eta gaur egun 36 langile geratzen dira enpresan. “Krisi egoera aprobetxatzen ari dira enpresariak langileak kaleratzeko”, salatu dute sindikatutik, eta beste enpresa batzuetan ere gauza bera gertatzen ari dela nabarmendu dute.
Mobilizazioak: Sindikatuek deituta mobilizazioak izango dira datozen egunetan. Besteak beste, hilaren 26an auto karabana egingo dute eta eskualdeko herrietan kontzentrazioak izango dira.

  Garai txarrak enpresa gipuzkoarrentzat
 Testuinguru ekonomikoaren berri ematen duen azterketaren emaitzak ezagutzera eman ditu Adegik (Gipuzkoako Enpresarioen Elkargoa). Jaso dituzten datuak ez dira batere itxaropentsuak. Besteak beste, Gipuzkoako enpresen %32an nabarituko dela enpleguak galtzeko joera jaso dute datuetan. Eta datozen hilabeteotan motz geratu liteke kopuru hori. Enpresa gipuzkoar batzuk enplegu-erregulazioko espedienteak ez ezik, enpresa ixteko erabakiak ere hartzen ari dira-eta; Irungo Egoki edo Idiazabalgo Gruas Jaso enpresak kasu.
 Eusko Jaurlaritzak alarmismoa zabal ez dadin hainbat datu eman ditu, esaterako, 2008ko urtarrila eta abuztua bitartean iaz garai berean baino 33 enplegu-erregulazioko espediente gutxiago egon zirela, eta kaltetutako langile gutxiagorekin, gainera, zehaztu dute Jaurlaritzatik. UGT sindikatuak eman du bere erantzuna. “urteko azken lau hilabeteetan asko ugarituko dira, tamalez, enplegu-erregulazioko espedienteen kopuruak, eta urte osoko datuak kontutan hartuta iazkoak baino okerragoak izango dira urte amaieran".
 
Lotura duten albisteak: