Banku etikoaren 'Fiare' proiektuaren aurkezpen publikoa

elgoibarren.net 2008ko aza. 12a, 15:23

 
Gaur: Elgoibarko Parrokiako Misio Taldeak antolatuta Banku Etikoaren Fiare proiektuaren gainean berba egingo du Alberto Minguezek gaur (azaroak 12) Kultur Etxeko sotoan (20:00etan). Fiare proiektuaren helburua, 2011. urtean finantza-esparruan parte hartzea da, kreditu-kooperatiba baten bidez, ohiko banku-sistemen irizpideen ordez irizpide solidarioak oinarritzat hartuta lan eginez.



   
     Banku etikoak banku laguntzailea izan nahi du. Topagune ere bada: batetik, beren dirua modu oso kontziente eta arduratsuan kudeatzen duten aurreztaileak, eta, bestetik, giza eta gizarte-garapen iraunkorreko eredu baten printzipioetan oinarritzen den ekimen sozioekonomikoa elkartzen ditu.
    Bankuaren asmoa da familia, emakume, gizon, erakunde eta sozietate kolektiboen finantza-erreserbak kudeatzea, giza eta ingurumenarekiko begirune osoz.
    Testuinguru horretan, banku etikoak funtzio hezitzailea du aurreztaileekin eta kredituaren onuradunekin: bere dirua non eta zertan erabiltzen den ezagutzeko ardura harrarazten dio aurreztaileari, eta proiektuetan beren autonomia eta enpresa-gaitasuna erantzukizunez garatzera bultzatzen ditu kredituaren onuradunak.
Banku etikoaren ekimena ez dator finantza tradizionalen funtsezko arauak haustera; aitzitik, finantzen oinarrizko balioak berregitea du xede.

  Printzipioak
    Banku etikoaren sorrera eragin duten printzipioak eta haren eguneroko jardueraren ezaugarri bereizgarriak honako hauek dira:
Ekintza ekonomikoen ondorio ez-ekonomikoek badute eragina etikoki bideratutako finantzetan:
  • Kreditua —edozein motatakoa delarik ere— giza eskubide bat da.
  • Erantzukizun etikoaren osagai dira eraginkortasuna eta soiltasuna.
  • Dirua edukitzeari eta trukatzeari esker lortutako irabaziak guztion onerako bideratutako jardueraren ondorioa izan behar du. Halaber, irabaziak zuzen banatu behar dira irabaziak lortzeko esku hartu duten subjektu guztien artean.
  • Finantza etikoen edonolako jardueren ezinbesteko eskakizuna da eragiketa guztietan gardentasunik handiena izatea.
  • Enpresaren erabakietan esku hartzera bultzatzea, bazkideak ez ezik, baita aurreztaileak ere.
  • Finantza etikoen printzipioak onartzen dituen erakundeak irizpide horietan oinarriturik bideratzen ditu bere jarduera guztiak.

  Fiare proiektuaren helburua
2011. urtean finantza-esparruan parte hartzea kreditu-kooperatiba baten bidez, ohiko banku-sistemen irizpideen ordez irizpide solidarioak oinarritzat hartuta lan eginez. Herritarrentzat banku erreferente izatea da gure asmoa, pertsonei finantza-zerbitzuak hurbiletik eta konfiantzaz eskaintzea, profesionaltasunez, kalitatez, gardentasunez eta iraunkortasunez kudeatutako erakunde baten bidez. Hala ere, bankuaren xede nagusia ez da irabazi ekonomikoak maximizatzea, baizik eta diruaren gizarte-balioa eta mundu zuzenago, gizatiarrago eta iraunkorrago baten zerbitzura egongo den jarduera ekonomikoa berreskuratzea.

  Nola esku har daiteke proiektuan?   
    Proiektua zabaltzearen bitartez, geroko kooperatiban kapital sozialaren partaide izango diren harpidetza-ekarpenak eginez, edo Fiare-Banca Popolare Ética eragileak egindako hitzarmenaren ondoriozko edozein produkturen harpide eginez. Informazio gehiago www.proyectofiare.com helbidean.

  Banku etiko bat?
Beste banketxeak ez bezala, finantza-bitartekotzarako proposamen bat da banku etikoa, eta gizartea eraldatzearen alde lan egiten du. Horretarako, filosofia integratzaile batetik lantzen ditu kapitalaren bilketa, inbertsioa eta mailegua, eta justiziaren aldeko xede etikoetatik abiatuta, gainera. Ikuspegi horretatik, honako hauek dira banku etikoaren helburu orokorrak:
  • Gizartean eragin positibo eta eraldatzailea izango duten jarduera ekonomikoak finantzatzea. Hau da, enpresa, jarduera eta proiektu sozial, ekologiko, kultural eta solidarioak bultzatzea, gure iparraldeko gizarteetan nahiz hegoaldekoetan giza garapena sustatzea, eta dirua baztertutako pertsonen eta haiekin lanean diharduten erakundeen eskueran jartzea.
  • Arduraz aurrezteko eta inbertitzeko baliabideak ematea. Herritarrei halako jarduerak beren aurrezkiez bultzatzeko aukera ematea da kontua. Finantza-erakundeak aurrezki horiek nola erabiliko dituen erantzukizunez erabakitzeko aukera ematen du, bai eta injustizia bideratzen eta gure munduaren hondamenean parte hartzen duten jarduera edo enpresetan ez inbertitzekoa ere (arma-trafikoa, langileak esplotatzea, ingurumena suntsitzea, eta abar).