Jarraitu Internetez zuzenean Makina Erremintaren Museoaren X. urteurrena

elgoibarren.net 2008ko abe. 18a, 09:34

Makina Erremintaren Museoko 10. urteurreneko ospakizun ekitaldia zuzenean emango dute gaur (abenduak 18) 11:00etatik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren laguntzarekin ekitaldiak zuzenean Internet bidez emititzeko garatzen ari den proiektuari esker.
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Alfredo Etxeberria alkateak eta Alberto Ortueta eta Pedro Ortuondo Museoko presidentea eta zuzendaria, hurrenez hurren, izango dira bertan.

  • Ikus hemen: Makina-erremintaren-museoa 11:00etatik 12:45era egingo den ekitaldiaren zuzeneko emanaldia (Probaketetan ari direnez, baliteke une batzuetan konexioa galtzea)

Gogoan izateko hiru data
Elgoibarko Makina Erremintaren Museoak hiru data berezi ospatu ditu sortu zenetik:
  • 1998ko abenduaren 16an inauguratu zenekoa.
  • 2000ko martxoan Patxi Aldabaldetrekuk, museoko lehen presidenteak, egin zuen Makinak eta Gizakiak, gida historikoa liburuaren aurkezpena.
  • 2008ko abenduaren 18an, gaur, egin dena; X. urteurreneko ospakizuna, alegia. Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak, Alfredo Etxeberria alkateak eta Alberto Ortueta eta Pedro Ortuondo Museoko presidentea eta zuzendaria, hurrenez hurren, izan dira bertan.
  X. urteurreneko ospakizunetan, museoa sortu zenetik gaurdaino egindako ibilbidearen balantzea egin eta kolaboratzaile, laguntzaile, sustatzaile eta lagunei, bereziki, esker ona adierazi nahi diete bertako arduradunek. Agintariek parte hartuko duten ekitaldiaren amaieran museoa bisitatuko dute bertaratutakoek, eta tradiziozko ogibideen erakustaldia ikusi ahal izan dute, besteak beste.
 
Munduan hiru bakarrik

1706640624835 Jarraitu Internetez zuzenean Makina Erremintaren Museoaren X. urteurrena

   Elgoibarko Makina Erremintaren Museoa bezalako beste bi bakarrik daude mundu osoan (Suitzan eta Italian), bakoitza bere berezitasunekin baina propio sektoreari dedikatutako bakarrak izanik. Eta ez da kasualitatea Elgoibar izatea museo horietako baten kokalekua, hain zuzen eta jakina denez, erreminta-makinak tradizio handia baitu gure herrian (Espainia mailako makina-erreminta fabrikatzaileen %30k Elgoibar du sorleku eta gehientsuenak bertan edo inguruan kokatuta daude).
 
Bisita kopuru handia
  Museoak hamar urte hauetan makinen bilketa eta eguneratze esanguratsua egin du eta dokumentatze eta inbentario lanean dihardu. Horrez gain, urtero bisita kopuru handia izaten du bai enpresen partetik eta baita ikastetxeen aldetik ere. 2008an Makina Erremintaren 25. Biurtekoa dela eta aste beteko erakustaldi berezia antolatu zuen tradizioko ogibideak azaltzeko. Urteurrenarekin jarraituz, abenduaren 15, 16 eta 17an, Museoa irekita egon da herritar eta bisitari guztientzat.