Bernardo Ecenarrok enpresa lekuz aldatzeko bi eskaintza dauzka

elgoibarren.net 2009ko ots. 10a, 14:11

Albitxuri industrigunera edo Azkoitiara joan erabaki beharko du pintura enpresak datozen hilabeteetan. Sallobente-Ermuaran industrigunean daukaten eraikina txiki geratu zaiela-eta, hazten jarraitu ahal izateko eraikin handiagoa behar du Bernardo Ecenarro pintura enpresak. Uztailerako erabakia hartzeko asmoa azaldu dute enpresako arduradunek.



  Gaur (otsailak 10) egunkari batek bestelakorik bazioen ere, alegia, Bernardo Ecenarro enpresak 2011n Azkoitian irekiko duela eraikin berria, enpresako arduradunek gezurtatu egin dute, “Ez da egia, oraindik ez dugu erabakirik hartu-eta”.
  1975ean sortutako Bernardo Ecenarro enpresako arduradunak, hazten jarraitzeko beharrak bultzatuta hasi ziren orain dela lauzpabost urte eraikin berri bat egiteko kokagune aproposago baten bilaketan, Sallobente-Ermuararen, batez ere, eta Lerun industriaguneetan dauzkagun instalazioak txiki geratu zaizkiela-eta. Une honetan enpresa lekualdatzeko bi aukera dauzkate eskuartean eta udarako erabaki bat hartzea komeni zaiela adierazi dute arduradunek, “eraikin berria konplexua eta modernoa izango da eta eraikuntza lanak bizpahiru urtez luza daitezkeenez, lehenbailehen komeni zaigu erabakia hartzea”.
 Azkoitiko aukera iazko irailean sortu zitzaien. Izan ere, Afer eraikuntza enpresak Oinartxo industrigunean egin behar zuen pisu prefrabikratuak eraikitzeko enpresa, 1.100 laguni lana emango ziona, bertan behera geratu da, krisi ekonomikoaren ondorioz. Azkoitiko Udalaren asmoa da industriagune horretara Aferren proiektuak lagatako hutsunea beteko duten beste enpresa batzuk erakartzea. Horien artean legoke Bernardo Ezenarro.