Debegesak hamar enpresa sortzen lagundu du 2008an

elgoibarren.net 2009ko ots. 11a, 10:44

 
Debegesako Enpresa-proiektu Berrientzako Laguntza-zerbitzuak 44 enpresa berri eratzen lagundu zuen joan zen urtean Debabarrenan. Horietatik hamar Elgoibarren kokatu dira. Debegesaren laguntzarekin martxan jarri diren enpresen biziraupen tasaren batezbestekoa, berriz, %87koa da.

 


 Debegesak 2009 urtean enpresei Finkatzen eta Sendotzen laguntzeko ematen zaien Zerbitzua indartuko du. Helburua egoera zail honetan enpresei kudeatzen laguntzeko erremintak erraztea da.

  Enpresa berri horien sustatzaileak 58 lagun izan ziren denera eta 63 lanpostu berri sortu ziren. Enpresa horietatik hogeik Eibar aukeratu zuten kokaleku, hamar Elgoibarra joan ziren (2007an baino bi enpresa gehiago), sei Ermura, hiruna Mutriku eta Soraluzera eta azkenik, bi Debara. 25 eta 45 urte arteko adinekoa zen enpresaburu berrien %88.
  Sexuari dagokionez, gizonak nahiz emakumeak izan ziren portzentaje berean. Bestalde, enpresen %57 zerbitzu-enpresak izan ziren eta %36 merkataritza arlokoak. Zerbitzu-enpresen kasuan lau enpresa industriari zerbitzua emateko sortu ziren, hala nola, mekanizazioa, diseinua, makinen mantenua, etab.

 Denera, 200 kontsulta jaso zituen Debegesako Enpresa-proiektu Berrientzako Laguntza-zerbitzuak 2008an, Debegesako egoitzatik nahiz www.debegesa.com/ekintzaileak saretik bideratuak.

Biziraupen tasa altua
 Biziraupen tasa sortzen direnetik gaur egun arte lanean jarraitzen duten enpresen portzentajea da. Normalean martxan jarri eta handik bost urtetara enpresen %50 baino gutxiagok aurrera jarraitzen du.
  Debegesaren kasuan bere eskutik sortutako enpresek biziraupen tasa altuagoa dute. 2002 urtean sortutako enpresak erreferente izanik, Debegesaren laguntzarekin martxan jartzen diren enpresen biziraupen tasaren batezbestekoa %87koa da.  

Enpresak finkatu eta sendotzeko laguntzak
 Gaur egun bizi dugun egoeraren aurrean Debegesak enpresentzako Finkatze eta Sendotze Zerbitzua indartuko du. Honela, eskualdeko enpresen eskura beharrezkoak diren kudeaketa erremintak jarriko ditu. Agentziaren helburua enpresek beraien lana hobeto kudeatzeko, elkarlanean aritzeko eta gehiago ezagutarazteko laguntza bat izatea da. Ondorioz, enpresa bakoitza bere marketing plana, estrategia-plana, azterketa ekonomiko-finantzieroa, ordaintzeko eta kobratzeko kudeaketa, orduko kostea, presupuestoak, etab. egiteko gai izango da.

 Bestalde, agentziak erakunde ezberdinek enpresentzako ematen dituzten laguntza eta diru-laguntzei buruzko informazio zerbitzua bat du: inbertsioak, teknologi berriak, proiektu berritzaileak, etab. edo une honetan ICOk (Kreditu Ofizialeko Institutuak) kapital zirkulatzailea finantzatzeko ematen ari den diru-laguntzei buruzko informazioa, esaterako.

 Debegesaren helburua eskualdeko enpresen ondoan egotea da, “bai enpresak dituzten erronkak lortzen laguntzeko bai beraien lehiakortasuna hobetzeko ere. Agentziak Debabarreneko errealitate enpresariala ezagutzen du eta enpresen neurrira egindako Arreta Zerbitzuarekin eskualdean sortzen diren eguneko behar guztiei erantzuten laguntzen du”.

  •  Informazio gehiagorako, laguntza edo aholkularitzarako ekintzaile@debegesa.com helbidera idatzi, 943820110 telefono zenbakira deitu edo www.debegesa.com webgunea kontsultatu.