Udalak 822.000 euro itzuli beharko dizkio Foru Aldundiari

elgoibarren.net 2009ko ots. 18a, 11:24

 
Elgoibarko Udalak 6.945.194 euro jaso ditu, 2008ko aurrekontuaren arabera, 2008ko Udal Finantzaketarako Foru Fondotik. Foru Aldundiak, ordea, uste baino diru gutxiago batu du zergetatik, eta, hala izanik, jasotakotik 822.301 euro itzuli beharko dizkio Udalak diputazioari datozen bi urteetan.

 
 

 Urte amaieran zergen bitartez batuko den diru kopuruaren aurreikuspenaren arabera banatzen da Udal Finantzaketarako Foru Fondoa. Aurten, 458,7 milioi euro banatuko zituztela aurreikusten zuen Foru Aldundiko Ogasun Sailak, baina %11,8 gutxiago  izan da azkeneko emaitza, 404,04 milioi euro, alegia. Hortaz, Gipuzkoako Udalek 54,3 milioi euro itzuli beharko dituzte datozen bi urteetan. Foru Aldundiak joan zen urrian egin zuen aurreikuspena motz geratu da, Foru Fondora itzuli beharreko kopurua 37 milioi eurokoa izango zela aurreratu baitzuten.
 
Aurreikusita zegoen

1706640509161 Udalak 822.000 euro itzuli beharko dizkio Foru Aldundiari

 Elgoibarko Udalak 822.301 euro itzuli beharko dizkio Foru Aldundiari. Udalek 2008ko Foru Fondoa 2007ko urrian aurreikusi zen kopuruaren arabera kobratu dutela adierazi du Bittori Zabala Udaleko Ogasunaren arduradunak, eta orain 2008ko kontuak likidatu direnean Foru Fondoaren likidazioa negatiboa atera da, aurrekontua baino %11,8 baxuagoa.
Diputazioak aukera eman die udalei, dirua bat-batean bueltatu beharrean, 2009ko eta 2010eko foru fondoaren ordainketetatik 2008ko likidazio negatiboa deskontatzeko, interesik gabe.
 Udaleko Ogasunaren arduradunaren berbetan, hau guztia aurreikusita zeukaten, “Joan zen urrian Diputazioak Foru Fondoaren likidazio aurreikuspena aurreratu zuen ofizialki; %8ko galera, alegia. Eta otsaileko behin-betiko likidazioa okerragoa izango zela ere abisatu ziguten”.

 Foru Fondoak azken urteetan izan duen bilakaeraren nondik norakoak azaldu ditu Bittori Zabalak. “Azkeneko urteetan Foru Fondoaren hazkundea handia izan da, KPIren eta Barne Produktu Gordinaren gainetik. Foru Fondoa udalek Foru Ogasunaren zerga bilketan duten partaidetza da, zerga itunduen zerga bilketan (BEZ, Sozietateen gaineko Zerga, Errenta...). Zerga horien hazkundea udal zergena baino altuagoa izan da azkeneko urteetan. Ondorioz, udalek onurak izan dituzte. Orain, aldiz, joera aldatu egin da. 2008koa ezaguna da, baina 2009ko aurreikuspenak ez dira hobeak”. Horren ondorioz, eta hirigintzarekin lotutako sarreren jaitsiera kontuan hartuz, 2008-2011 plan ekonomiko-finantzarioa abenduko plenoan eguneratu zuten.
Zorroztasun handiaz diseinatutako aurrekontuak
 Bestalde, 2009ko aurrekontuak zorroztasun handiz diseinatu direla gogoratu nahi izan du Zabalak: “Ez fondo foralarengatik bakarrik, egoera orokorrarengatik baizik”.
  Datozen urteetan Udalak gastuak murriztera behartuta egongo ote den galderari erantzuna emanez, honakoa adierazi du: “2009ko aurrekontuan gastu arruntak banan-banan errepasatu dira eta kasu askotan izoztu egin dira. Inbertsioei dagokienez, baliabide propioez gain, beste erakundeetatik finantzazioa lortzea da erronka. Beste diru iturri bat zorpetzea da. Elgoibarko Udalak azkeneko 13 urteetan ez du mailegurik hitzartu. Oso saneatua dago, eta mailegu bat hartzearen kasu hipotetikoan, gaitasuna izango luke karga finantzario berriei aurre egiteko eta estutasunik ez izateko”.
Mezu alarmistarik ez
 Laburbilduz, krisiak udal kontuei eragin die, “arlo ekonomiko guztiei bezala. Baina ez dugu mezu alarmistarik eman nahi. Elgoibarko Udalak ez ditu herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak murriztuko”.