Mahle multinazionalarekin lotura eten eta ibilbide berria hasi du Alcortak

elgoibarren.net 2009ko api. 28a, 11:57

Alcorta Forging Group enpresa elgoibartarrak Mahle multinazional alemaniarrarekin zuen lotura eten egin du –enpresako akzioen %50a zeukan Mahlek- eta etapa berri bat hasteko prest daudela adierazi dute enpresako arduradunek. Auto-mozio sektoreko gainerako enpresek bezala, merkatu egoera korapilatsuari aurre egiten dihardutela aitortu duten arren, nazioartean hedatu eta berrikuntzaren aldeko apustua egin nahi dute.


Alcorta Forging Group enpresako langile batzuk enpresa kanpoan.

 Automoziorako altzairu forjatuzko osagaiak fabrikatzen ditu Alcorta Forging Group enpresak. Orain, Alemaniako Mahle multinazionalarekin zuen lotura eten eta gero, ibilbide berria hasi du. Izan ere, multinazionalaren esku zegoen Elgoibarko enpresaren %50.
Mahle multinazionalak taldea osatzen duten forjaketa enpresek, Alcorta tartean, motor bielak bakarrik fabrikatzeko erabaki estrategikoa hartu zuen. Eta, Elgoibarko enpresaren fabrikazioaren herena bielen fabrikazioan oinarritzen denez, multinazionalari bere partaidetza erostea adostu zuten 2007an elgoibartarrek. Akordioaren ondorioz, eta trantsizio urte bat eta gero, Alcorta-Brockhaus izena galdu eta Alcorta Forging Group izena hartu du.

32 milioi euroko fakturazioa
 2008ko ekitaldia 32 milioi euroko fakturazioarekin itxi zuen Alcorta Forging Groupek, hau da, "aurreko ekitaldian baino %7 gehiago" enpresako arduradunek jakinarazi dutenez. Bestalde, enpresaren egitura hiru negozio unitatetan zatitzen da: karrozeriako piezak, ihes-sistemarako eta motorrerako piezak eta segurtasunerako osagaiak.
 Enpresak 170 langile ditu eta akziodunen %100 bertakoa da. “Aipatzekoa da, baita ere, enpresako zuzendaritza kide eta kudeatzaile kopuru handi baten partaidetza, guztiz mesedegarri dena erabaki estrategikoak hartzeko orduan” adierazi dute.
 Enpresa XIX. mendearen amaieran sortu zen eta esku erreminta fabrikatzeari eta merkaturatzeari ekin zion. 1982an, auto-mozioaren industrian sartzea erabaki zuen, eta 1997an, Alemaniako Brockhaus Soehne konpainiak Alcorta Unzueta y Cia enpresaren %50 erosi zuen; 2005ean, MAHLE multinazionalak Brockhaus Soehne bereganatu zuen. Enpresak ziurtagiri ugari lortu ditu bere jardunbidean: besteak beste, Ford Q1 Kalitate Ziurtagiria (2007), ISO/TS16949 ziurtagiria eta ISO14001 Ingurumen Ziurtagiria (2004). Lan segurtasuneko OHSAS ziurtagiria ezarrita eta zertifikazio fasean dago.

Lerro estrategikoak
 Ibilgailuen salmentak munduan izan duen beherakadak proiektu berriak berregokitzea eskatuko badu ere, Elgoibarko enpresak aurrera jarraitzen du talderako zehaztuta dituen lerro estrategikoekin. Hala, munduan hedatzeko erabaki irmoz, Alcorta Forging Group azken ukituak ematen ari zaio Plzen (Txekia) eta Port Elizabeth (Hegoafrika) hirietan bi filial berri ezartzeko proiektuari (bigarrena martxan dago jada 2008az geroztik), eta enpresaren sare komertziala sendotzen ari da Europan eta NAFTA zonan.
Berrikuntza, fabrikazio prozesuen automatizazioa eta langile guztiek enpresaren kudeaketan duten parte-hartzea handitzea dira enpresaren lehentasunak. Plan estrategiko berriak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Industria Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren (SPRI) eta Euskadiko Automozio Klusterraren (ACICAE) babesa jaso du.