Debegesak, laguntzaile bezala, pribilegiodun tokia izango du Noticias de Gipuzkoa egunkariak antolatutako 2009 Gipuzkoako Innova Sarietan, eta Karmelo Urdangarinen parte hartzearekin Debabarrena eskualdean ekintzaile izpirituak historian zehar izan duen protagonismoaz hausnarketa-ibilbidea irudikatuko du. “Une zail hauetan, eta dohainik, ekintzaile izateko eta bere abantailak zeintzuk diren ikasteko aukera polita izan daiteke” nabarmendu dute antolatzaileek.
Izan ere, Debegesak eskualdeko ekintzaile eta enpresei aurrera ateratzeko kemena transmititu nahi die. Eskualdeko Garapen Agentziak Berrikuntza eta Enpresa saila indartzeko asmoarekin eman dituen aurrera pausuak nabarmenak dira. Hala nola, Kooperatiben sorrera sustatzeko Azaroa Fundazioarekin egindako hitzarmena, Merkataritzari zuzendutako laguntza eta diru-laguntzen informazio zerbitzu berria, Mutrikun autoenplegurako zerbitzu berria eta beste hainbeste.
Innova Sariari dagokionez, Gipuzkoa osoko ekintzaileak hartu dira kontutan saria banatzeko orduan. Hautagaiak eta irabazleak Adegi, Ajebask, Gipuzkoa Berritzen, Human, Noticias de Gipuzkoa eta Debegesa enpresaren artean erabaki dira.
Ekitaldi honetan, 2009ko Gipuzkoako Pertsona Ekintzaileari saria emateaz gain, Debegesak bere laguntzarekin hasi ziren zenbait enpresen artean “ekintzailearen balore” diplomak banatuko ditu. Bai Industriari! ekimenaren aipamen berezia ere egingo da.