Txarriduna Hotelak aipamen berezia jaso du Gipuzkoa Innova sarietan

elgoibarren.net 2009ko mai. 8a, 12:02

Eibarko Tagzania enpresak irabazi du Noticias de Gipuzkoa egunkariak ematen duen 2009ko Gipuzkoa Innova saria. Saria irabazteko bost hautagaien artean zegoen Txarriduna Hotelak, berriz, aipamen berezia jaso du. Sari banaketa ekitaldia Meka Lanbide Eskola berrian –astelehenean inauguratu zuten- egin zen atzo (maiatzak 7). Sari gehiago ere banatu ziren ekitaldi berean, Debegesak enpresak martxan jarri dituzten ekintzaileak errekonozitu baitzituen. 


Bost hautagai eta irabazle bat

  Bost hautagai zeuden aurten Gipuzkoa Innova 2009 saria irabazteko: Txarriduna Hotela elgoibartarra, Tagzania Services eibartarra eta Donwetech.com, Innovae Vision eta Garraiotech, S.L., azken hirurak Donostiakoak.
 Tagzania Services enpresak jaso zuen Gipuzkoa Innova Saria eta Txarriduna Hotelak aipamen berezia. “Irabazle bakarra aukeratzea ez da lan erraza izan” aitortu zuen Arantza Zugastik, Noticias de Gipuzkoako zuzendari laguntzaileak. Asko eztabaidatu eta gero epaimahaikideek (Alfredo Valero, Ajebask Gipuzkoako presidentea; Gaizka Zulaika, Gipuzkoa Berritzen-eko zuzendaria; Juan Angel Balbas, Debegesako zuzendaria; Adegiko Joxan Arratibel eta Human-eko Iñigo Ugarte) saria Tagzaniari ematea erabaki zuten. CodeSyntax-ek 2005. urtean sortu zuen Tagzania, geolokalizazioko aplikazio aitzindaria. Interneten mapen eta geolokalizazio zerbitzuen garrantziaren gorakada dela eta, izaera propioa eman zion, baina, CodeSyntax-ek proiektuari eta 2007an Tagzania Services enpresa eratu zuen.
  Txarriduna Hotelak jaso zuen aipamen bereziari dagokionez, 2006an inauguratu zuten hotelak bezeroen eskura jartzen dituen berrikuntza teknologikoak; Wi-Fi konexioa, bideo kanoia, etab. goraipatu zituzten epaimahaikideek. Imanol Urainek jaso zuen saria hotelaren izenean.  
   ∞Informazio gehiago: Noticias de Gipuzkoa

Tagzaniako ordezkariak euren sariarekin.

Imanol Urainek jaso zuen Txarriduna Hotelari emandako saria.


Debabarrenako Ekintzaileen Eguna
  Debegesak, Debabarrenako Garapen Ekonomikorako Elkarteak, Debabarreneko Ekintzailearen eguna ospatu zuen atzo Gipuzkoa Innovako sari banaketarekin bat eginez. Debegesaren eskutik euren enpresa martxan jarri duten ekintzaileak saritu zituzten. Honako hauek izan ziren sarituak: Mutrikuko Arbe Hoteleko Itziar Sukia, bere irmotasunarengatik; Hadimek enpresako Iker Aldabaldetreku, erakutsitako ekimenarengatik eta azkenik, Kinaka Design, talde-espirituarengatik. Bestalde, Elgoibarko H.R.E. Hidraulic, S.L. enpresako Mikel Ezenarrok Bai Industriari! izeneko aipamen berezia jaso zuen, industriaren alde egunez egun egiten duen lanagatik.
Arantza Kaltzada kazetariak aurkeztu zuen ekitaldira 90 lagunetik gora hurbildu ziren Meka Prestakuntza Zentroko eraikin berrira, Albitxuri industrigunean. Sariak banatzen hasi aurretik, ekintzaile-espirituak historian zehar izan duen ibilbidea, lehena eta oraina; eta etorkizunerako erronkak azaldu zituzten Juan Angel Balbas, Debegesako Zuzendariak; Irune Berasaluze, Debegesako Lehendakari eta Mendaroko Alkateak; Carmelo Urdangarin, historialari, ekonomilari eta idazleak eta Elgoibarko Alkateak, Alfredo Etxeberriak. Ekintzaileak animatzeko helburuarekin ugariak izan ziren mezu baikorrak.

1706640352770 Txarriduna Hotelak aipamen berezia jaso du Gipuzkoa Innova sarietan

1706640352803 Txarriduna Hotelak aipamen berezia jaso du Gipuzkoa Innova sarietan


Maiatza ekimen ekintzailez beteriko hilabetea
  Debegesak Maiatzaren 11tik 22ra “Herriz-Herri” ekimena aurrera eramango du. Herri bakoitzean eta bere ezaugarrien arabera ekintzaile espiritua sustatzeko egin daitezkeen ekintzei buruzko hausnarketa egingo da. Horretarako herri bakoitzean mahai-inguru bat antolatuko da, herriko ordezkari, ekintzaile, elkarte, kutxa edo bankuen artean. Mahai-inguru hauek herritar guztiei irekiak egongo dira.

  Maiatzaren 18an, Woka Euskadi ekimenaren barruan Debegesan “World Cafe”a ospatuko da. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak maiatzaren 18an Woka Euskadi antolatu du eta 125 erakunde baino gehiagok parte hartuko du. Gizarte topaketa handia herritarrek hausnarketa egin eta parte hartzeko, euskal gizarte-ehunak proposamenak egin eta ekintza zehatzak bilatzeko bideratua. Maiatzaren 18an izango da, arratsaldeko 16:00tan, Debegesak Azitainen duen egoitzan.
  • Parte-hartzaile kopurua mugatua izango da eta izena emateko komunikazioa@debegesa.com helbidera idatzi edo 943 820 110 telefonora deitu behar da (Irantzu Urtiaga).
  Bestalde, Debegesak Debabarrena Ekinean! Sarea handitzeko apustua egiten dihardu. Dagoeneko Interneteko “Facebook”-en bere horma du eta laster patrikan sartzeko Debabarrena Ekinean! enpresa gida kaleratuko du.
Azkenik, enpresa bat jartzeko ideia edo gogoa duen edonorentzat ateak zabalik dauzkatela gogorarazi nahi dute Debegesako arduradunek.