Erosketak herrian egitea da ‘Gure denda gure poza’ kanpainaren helburua

elgoibarren.net 2009ko mai. 27a, 13:07

Elgoibarko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea sustatu eta elgoibartarrek erosketak herrian egin ditzaten, ‘Gure denda, gure poza’ kanpaina aurkeztu dute Elgoibarko Udalak, Txankaku merkatari elkarteak eta Merkatu Plazako Barren-Azoka elkarteak.


Txankakua, Barren-Azoka eta Udaleko ordezkariak kanpainaren aurkezpenean.

 Maiatza amaieran hasi, eta urte amaierara arte hainbat ekintzatan egongo da presente kanpaina hori: parte hartzen duten establezimenduetan kanpainaren irudia jarriko dute, kartel handiak herriko hainbat gunetan, dendariek gozokiak banatuko dituzte eta etxe guztietara kanpainaren logotipoa daukan erosketa poltsa banatuko dute ekainaren 1etik 6ra; guztira 4.500 poltsa.


Herri giroa eta opariak
 Elgoibartarrek dirua herrian gastatzea da kanpainaren helburua, eta herritarrak animatzeko, opariak banatu eta zozketak egingo dituzte. Adibidez, kanpainaren poltsa erabiltzen dutenei txarteltxo bat emango zaie, eta bizikleta baten zozketan sartuko dira.
 Jendea erosketak egitera kanpora ez joateko, herri giroa sortzea garrantzitsua dela aipatu du Alfredo Etxeberria alkateak. Horretarako, urte amaierara arte antolatuta dauden hainbat ekintza erabiliko dituzte kanpaina bultzatzeko: besteak beste, Trinitate jaiak, pintxo lehiaketa, hileko feriak, aire libreko zinemaldia, trial bike, e.a.
  • Izen ematea: Kanpainan parte hartu nahi duten establezimenduek ekainaren 5era arte daukate izena emateko epea. Informazio gehiago, 943 741 050 telefonoan (Oihana Barrutia).
Logotipoa
  Kanpainaren lema eta logotipoa irribarrearekin lotu nahi izan dituzte bultzatzaileek. Bi arrazoirengatik bereziki: batetik, Geografikoki mapa batean ikusiz gero, Elgoibarko erdiguneak eta Deba ibaiak Irribarren forma hartzen dutelako eta hain zuzen ere, erdigune horretan dauden sektoreak bultzatu nahi direlako (merkataritza, ostalaritza eta bestelako zerbitzuak); eta bestetik, sektoreak bizi dituen garai zail hauetan, mezu baikorra plazaratu nahi zutelako.