2008. urtea Elgoibarko Zentro Teknologikoaren orain arteko garrantzitsuena izan da. Ideko II instalazio berriak “errendimendu osoan” hasi izanak eragin zuzena izan du, bertako arduradunen berbetan, negozioaren hazkundean. Guztira 7 miloi euroko diru sarrerak izan ditu Ideko IK4k 2008an, aurreko ekitaldiarekiko %25eko hazkundea lortuz. “Kopuru horretatik 3,3 milioi euro enpresekin egindako kontratu bidezko I+G proiektuei dagokie. Gainerako 3,1 miloiak, berriz, hainbat instituzioren babesarekin egindako ikerketa proiektuei”.
Nazioarte mailan zentroa zortzi proiektu europar aktibotan garatu da eta horietatik hirutan lider teknologiko gisa aritu dela nabarmendu dute. Nazio eta autonomi esparruan, berriz, Ideko IK4k bi Cenit proiektutan; proiektu estrategiko berezi batean; I+Gko Plan Nazional batean; hiru Etortek proiektutan eta bi Etorgai proiektutan parte hartu du.
•“Manufacturer of the year”
Urteko mugarririk garrantzitsuenetarikoa “Manufacturer of the year” errekonozimendu saria izan zen, “Strategic Manufakturing Awards” sari banaketa prestigiotsuaren eskutik lortutakoa. Saria Ideko IK4 zentroak garatutako mozte garbiko teknologia berritzaile batek lortu zuen.
Bestalde, enpresekin egin duten lankidetzak hiru patente berri eman ditu eta guztiak izan dira industriara transferituak.
Aipatu baita ere 2008a hausnarketa estrategikoa egiteko baliatu dutela: 2009-2012 Plan Estrategikoa, horri dagokion Ikerketa Plana eta Zentro Teknologikoak etorkizunean izan ditzaken erronkei erantzuteko, eta, ezarri diren helburu estrategikoak lortzeko antolaketa eredu berria egin dute.
•Etorkizunerako iniziatibak
“Urte bikainari eman diogu amaiera eta berria ere iniziatibaz gainezka datorkigu. Horietako batzuk gauzatzen ari gara dagoeneko; erreminta makina eta fabrikazio teknologien sektoreko hiru enpresekin berrikuntzarako sinatutako hitzarmenak eta laser eta material konposatuen laborategien lanean hastea, besteak beste" jakinarazi dute.
- Informazio gehiago: Ideko.es