Lan baldintza hobeen alde mobilizazioak egiten ari dira RTSko langileak

elgoibarren.net 2009ko uzt. 22a, 10:04

 
Autoentzako piezak egiten dituen Mendaroko RTS enpresako langileak mobilizazioak egiten ari dira arrisku-estaldura hobea eta soldata berdintasuna eskatzeko. CCOO sindikatuak jakinarazi duenez, “postu berdinean diharduten bi langileren artean 800 euroko aldea dago soldatetan”.

 

 RTS enpresako langileek, -230 beharginek dihardu lanean-, enpresa paktu bat adostu dezala eurekin eskatu diote zuzendaritzari, besteak beste, enpresa barruko itzelezko soldata ezberdintasunei konponbidea emateko. Eta, eskaera hori aintzat hartu dezaten erabaki dute langileek mobilizazioak egitea. “Enpresako arduradunek ezer egiten ez dutela ikusirik” joan zen hastean hasi zituzten mobilizazioak. Astean bi egunetan (martitzenak eta eguenak) bi orduko geldialdia egiten dute langileek, bakoitzak bere txandan, enpresaren atarian.

 CCOO sindikatuaren arabera, demaseko aldea dago soldatetan lan berdina egiten duten beharginen artean, “Batzuetan aldea 700 edo 800 euro artekoa da”. Sindikatuko arduradunek orain dela zortzi hilabetera arte enpresa-batzorderik ez egon izanak zerikusi zuzena duela adierazi dute. Zuzendaritza batzorde berriak (CCOO, LAB eta ELA), hain zuzen, egoera hori zuzenduko duen enpresa ituna negoziatzen hasteko plataforma bat aurkeztu dio enpresako zuzendaritzari. Lan baldintzak hobetzeko hainbat eskakizun dituzte langileek, horien artean, laneko istripuen estaldurak soldataren %100 estal dezala.
 Euskadiko industria federazioak langileentzako autobus zerbitzua martxan jartzeko eskaerarekin ere bat egin du, langileen mugikortasuna bitarteko jasangarri baten bitartez errazteko asmoz. Langile gehienak autoz joaten dira lanera Eibar, Ermua, Deba edo Mutrikutik eta horrek “auto-ilarak, istripuak izateko arriskua, poluzio gehiago eta urteko 900 euroko gastua pertsonako suposatzen du” adierazi dute.