Antolatzaileak (Udala eta Debemen) eta postuak jarri zituzten bost baserritarrak oso gustura daude iraileko ferian eduki dituzten salmentekin eta bertara hurbildutako lagun kopuruarekin. Orain arteko feriarik "arrakastatsuena" izan dela adierazi dute batzuek zein besteek. "Gazta dastaketak, eguraldiak eta kale kantariek sortutako giroak lagun mordoa erakarri ditu"
Mausitxak eta Txillarrek azkeneko Ordiziako gazta eta barazki txapelketetan irabazitako sariak goraipatu eta errekonozitzea izan da iraileko feriako berezitasuna. Eta, eskuak bete lan eduki zituzten Mausitxa baserrikoek euren gazta probatu nahi zuten herritar guztiak pozik lagatzeko. Hamaiketatik aurrera hasi ziren gazta doan banatzen eta ilara luzeak sortu ziren hasieratik. Sei gaztarekin nahikoa izan zitekeela aurreikusi zuten, baina gehiago ere zatitu behar izan zituzten, dozena bat ale xahutzeraino. Salmentan jarritako gazta guztiak ere amaitu zitzaizkien. Orotara 40 ogi barra banatu zituzten gaztarekin batera, hasieran uste zituztenak baino dezente gehiago. Ia beste horrenbeste gertatu zitzaien Lizundia Txabolakoei. Etxean ekoiztutako 68 botila sagardo eraman zituzten eta ozta-ozta ailegatu ziren bertaratutako herritarren egarria asetzeko.
Postu bana jarri zuten bost baserritarrak ere oso gustura geratu ziren edukitako salmentekin eta aurreko ferietan baino genero gutxiagorekin bueltatu ziren etxera.
•Argazkiak:
{mosimage} |