Baserriak etorkizuna baduela aldarrikatuko dute baserritar gazteek

elgoibarren.net 2009ko urr. 23a, 10:43


  Gaur arratsaldean, 19:00ak inguruan, ailegatuko da Elgoibarrera Baserritar Gazteen Martxa. Akuilu nekazari gazteen elkarteak antolaturiko errebindikazioa gaur (urriak 23) abiatuko da Azpeititik eta Durangorainoko bidea egingo du, domekan bertan amaituko baita. Nekazaritza berrantolatzeko lanean jardun nahi duten baserritar gazteei, baserritar izan nahi dutenei, orokorrean, eta gaian interesa duten guztiei luzatu zaie deialdia. Herriko hainbat gaztek bat egin dute ekimenarekin.



1706640083241 Baserriak etorkizuna baduela aldarrikatuko dute baserritar gazteek

Azkarate gaina pasata, 19:00ak inguruan, traktore baten atzetik sartuko da martxa gure herrian. Ondoren, baserritar gazteen esperientziak elkartrukatzeko mahaingurua egingo da Kultur Etxean (19:30ean). Gaua Elgoibarren pasako dute martxako parte hartzaileek eta bihar, zapatuan, Eibar alderantz abiatuko dira. Martxa domekan amaituko da Durangon.
  • AUDIOA: Josu Gil, baserritar eibartarra, eta Hegoi Escudero, Bilbon bizi den kaletarra eta baserrian lan egin nahi du, elkarrizketatu dituzte Euskadi Irratian. Entzun elkarrizketa
 Martxa antolatzeko izan dituzten arrazoiak, baserriaren etorkizunaz duten ikuspegia eta beraien aldarrikapenak zein diren azaltzen ditu Akuilu taldeak sinatutako ondorengo testuak. Eman diezaiegun hitza eurei.

Baserria da etorkizuna
    Hemen gatoz Euskal Herriko nekazaritzari bultzada fresko eta gazte bat emateko asmoz. Urte luzeetan nekazal jarduerak garrantzi handia izan du gure herrian, bera izan da bertako gizarteak bizirauteko beharrezko izan duen jardun nagusienetako bat. Azken urteetan aldiz, industria, eraikuntza eta hirugarren sektorearen zabalkundea alde batetik, kanpoko elikagaien sarrera etengabeak eta honek eragindako kontsumo ohiturek, bestetik, garai batean zuen pisua kendu die pixkanaka eta geroz eta baserri gutxiagok eusten diote beren jarduerari. Kanpoko produktuen kantitateak eta beren prezio baxuen eraginez, hemengo ekoizleek ezin dute errentarik atera, kasu askotan kostu prezioen azpitik bertako produktuak saltzera behartuz. Horrek azaltzen ditu bertako baserrien etengabeko itxierak.

    Egoera hau izanik ere, gazteok, baserria dela etorkizuna ozenki esaten dugu. Herri honek aurrera egin dezan ezinbestekotzat jotzen dugu nekazaritza bizi bat izatea, kontsumitzaileekin harremanak jorratuko dituena, kanpokoek baino ekoizpen txikiagoak izan arren lurrari lotutako nekazaritza landuko duten baserri ugariak. Horretarako, nahitaezkoa da gure lanak behar duen errekonozimendua eta ordaina izatea eta aldi berean nekazari gazteak, berandu baino lehen lanean hasi daitezen baldintza egokiak ematea, bai lur eta azpiegiturak lortzeko garaian, bai eta produktuak saltzeko garaian ere.

    Baserritarron eguneroko lanari zor bat zaio oraindik ere gure herrietako belardiak eta hainbat eta hainbat mendietako larreak txukun mantentzea. Gure arten mendizaletasuna hain hedatuta egonik, galdetzen al diogu gure buruari paraje eder horiek hein handi batean nori esker goza ahal ditzakegun?

    Bestalde, hor ditugu nekazariok gure eguneroko lan aberasgarriaz lortzen ditugun jakiak. Gure herritako baserrietan sortuak, gertukoak eta nola ekoitziak izan diren jakiteko baserrira inguratzera soilik eskatzen dutenak. Hala ere askotan errazkerian erori eta edozein dendetan gure produktuak ordezkatzen dituzten elikagai arrotzak erosteko joera nagusitu da eta honi buelta ematea derrigorrezkoa dela deritzogu. Ez bait dakigu zein baldintzetan ekoitziak eta garraiatuak izan diren gure eskuetara iritsi aurretik eta era horretako produktuekin ezin ba elikadura osasuntsu bat bermatu. Alor honetan bereziki kontsumitzaileekin egin beharreko elkarlana beharrezkoa ikusten dugu: kontzientziazioa, alternatibak (salmenta zuzena, kontsumo kooperatibak…)… . Guztiok baitugu irabazteko, baserritarrak bere produktuari irteera duin bat emanez bizimodua atera dezan eta kontsumitzaileak kalitatezko elikagaiak ahora ditzan.

    Beraz, guztiok daukagu zer esan eta zer egin Euskal Herriak behar duen nekazaritza landu eta berrantolatzeko bidean. Akuilun horretan dihardugu eta honetan lan egin nahi duten baserritar, baserritar izan nahi duten eta gaian interesa izan lezakeen beste edozeini dei egin nahi diogu larunbat honetan izango den Akuiluren batzarrera eta urrian egingo dugun baserritar gazteen martxara, elkar ezagutu, iritziak elkar trukatu, eztabaidatu eta lanean jarrai dezagun.
Akuilu taldea.