Baserriko produktuak mahaira hileko azken zapatuko ferian

elgoibarren.net 2009ko urr. 27a, 14:28

 
Gurutzpe baserriko kalabazarekin eginiko krema, Zabaleta baserriko barazki panatxea, Orube-Armuetako txuletak Txillarreko piper berdeekin… eta horrela Elgoibarko baserrietako produktuekin eginiko Baserritar menu berezia osatu arte. Horixe izango da hileko azken zapatuko (urriak 31) feriako berrikuntza nagusia: baserriko produktuak mahaira ekartzeko indarrak batu dituzte Gabi jatetxeak eta baserritarrek.

 


  Hileko azken zapatuko ferian ohikoak diren baserriko produktuen salmenta, ganadu eta baserriko tresneriaren salerosketa eta kale kantarien emanaldi berriaz gain, Gabi jatetxeak eskainiko duen Elgoibarko baserrietako produktuekin egindako menu berezia da hilabete honetako feriako berezitasun nagusia. Hona hemen Baserritar menua:

Aperitiboa: Kalabaza krema eta onddo kroketa (Gurutzpe baserria)
Barazki panatxea (Zabaleta baserria)
Aza pudina txorizo, odoloste eta baba gorri krema (Arrasketa eta Txillarre baserriak)
****
Makailoa pil-pilean barazkiekin (Zabaleta baserria)
Edo, Txuleta piper berdeekin (Orube-Armueta eta Txillarre baserriak)
****
Gazta eta irasagar milorria (Txabola eta Orube-Armueta baserriak)
Edo, Sagar eta kiwi broxeta etxeko arraultzesnearekin (Txabola eta Arrasketa baserriak)
****
Ogia eta sagardoa (Txabola baserria) barne: 30 euro + BEZ.
 
Pintxoak ere bai
  Asteburuko menua izango da, hau da, barixakuko (urriak 30) afaria eta zapatuko (urriak 31) bazkaria eta afaria. Jantokia txikia denez lekua aurrez hartzea gomendatzen dute jatetxeko arduradunek. Bestalde, baserrietako produktuekin egindako pintxoak ere egongo dira. Arlo honetan ere eskarmentu handia dute Gabikoek, Gurean Bai I. Pintxo Lehiaketako Herritarren Saria beraiek eskuratu zuten-eta.
Ostalariei gonbidapena
  Feria beraren helburu orokorrekin bat eginez, bertako baserrietako produktuak sustatu eta ezagutzera ematea da Udalak eta Debemenek bultzatzen duten ekimen berri honen helburua. Azkenengo ekimenak, Mausitxako gaztaren dastatzeak, eduki zuen arrakasta berdindu edo gainditzea da euren desioa. Gabi jatetxeko ugazabek eduki zuten ideia eta Udalari proposatu zioten gero. Hala ere, hurrengo ferietan ere ideia honi tira egin eta zabaltzeko asmoa azaldu dute udal ordezkariek. halaber, herriko gainerako ostalariak ekimenean parte hartzera animatu eta gonbidatu nahi dituzte.
Sasoiko produktuak
  Gabi jatetxekoek, bestalde, baserritarrekin berba egin ostean osatu dute menu berezia. “sasoiko produktuak zein diren galdetu genien eta euren gomendioak jarraituz osatu dugu menua” adierazi du Carlos Lahozek. Astebururo eskaintzen dituzten menu berezietan jendeak etxean jaten ez dituen platerak sortzen saiatzen direla gaineratu du Gabiko ugazaba eta sukaldariak. Kasu honetan, ordea, baserriko produktuekin “errespetu berezia” edukiko dute. “Erabilitako lehengaiak zein izan diren igarriko da plateretan”.
Baserritarrak pozik
Baserritarrek begi onez ikusi dute ekimen berria eta halaxe berretsi du beraien izenean Juanita Azkuek. Baserrietan mahaira eramateko "primerako" generoa dagoela dio Juanitak: “Neguko berdura bariedade handia dago: porrua, azelga, azak, eskarolak, borrajak, erremolatxa, piperrak, atxikoria, kiwiak eta gehiago ere bai”. Juanitaren ustez, baserritarrak eta jatetxeen arteko zubi lanak egiteko aproposa izan daiteke ekimena, “oraingoz ez baitaukagu beharko genukeen hartueman zuzenik, salbuespen bat edo beste kenduta”.