Erreminta makinarentzat plan berezia iragarri du Industria sailburuak

elgoibarren.net 2010ko mar. 23a, 13:03

Bernabe Unda Industria sailburuak erreminta makinaren sektorea indarberritzeko plan berezia jarriko dutela abian iragarri du. Iaz erreminta-makinak berritzeko martxan jarritako Renove plana baino “anbizio handiagokoa” izango dela adierazi du. Merkatua mugitzen hasi den sentsazioa nagusitzen ari dela ere nabarmendu du, baina erreminta makinaren sektorean susperraldia beste sektore batzuetan baino motelagoa izango dela gaineratu du.



Industria sailburua, Bernabe Unda.

 Krisiak euskal industriaren gabeziak azaleratu dituela dio Industria, Innobazio, Merkataritza eta Turismo sailburuak, Bernabe Undak, Diario Vasco egunkariari eskaini dion elkarrizketan.
Atzeralditik atera gara eta egoera ekonomikoaren adierazleek jarduera industriala (salgaien joan-etorria Bilboko portuan, enpresen energia kontsumoa…) berreskuratzeko bidean dela erakusten dute. Sei hilabetetarako aurreikuspenak ere ez dira txarrak, baina egoera zaila da oraindik ere”, uste du Undak.
 
 Euskal industria uste zena bezain lehiakorra ez ote zen galdetzen zaioenean, “krisialdietan mozorrotutako bizio guztiak” argitara irteten direla dio Industria sailburuak. “Oparoaldian, denontzat lana dagoenez, gabeziok mozorrotzeko aukera dago, baina lehiakortasuna areagotzen denean ikusten da zein diren benetan lehiakorrak. Eta Euskadi ez da salbuespena. Euskal industria, oro har, lehiakorra zen aurreko egoeran. Orain, etapa berri honetan, merkatua txikiagoa da, prezioak baxuagoak eta mozkinak txikiagoak. Hortaz, euskal industriaren erronka, krisiaren ostean sortu den eszenatoki berrian lehiakorra izateko egin beharrekoak egitea izango da”. Sailburuarentzat ez dago errezeta magikorik: “prozesuen hobetzea, malgutasun handiagoa eta merkatura egokitzea, berrikuntza gehiago, nazioartera are gehiago zabaltzea, kostuak gutxitzea, e.a.”.
 
Lotura duten albisteak: