Xabier Ortueta: "Makina erremintako enpresek ahalegin handia egin dute"

elgoibarren.net 2010ko mai. 26a, 13:16

 
Krisiaren eraginez 2009an eskariak erdira jeitsi ziren sektorean eta horrek eragina izan du ekoizpen eta esportazioetan, laurden bat murriztu direlako. Aurten ere espero dituzte jetsieraren ondorioak. "Eskailera bat da eta inbertsio produktuak egiten ditugunez, bereziki gogorra izan da guretzat". Euskadi Irratian egin ditu adierazpenok Xabier Ortuetak, AFMko zuzendariak, lanabes azokako biurtekoaren atarian. (audioa dauka)



 Astelehenean (maiatzak 31), BEC-en, makina erremintaren biurtekoan elkartuko direnentzat ez direla baldintza hoberenak aitortu du Xabier Ortuetak baina, dena den "azoka polita espero dugu”, gaineratu du. "Makinak eta zerbitzuak aurkeztuko dituzten enpresek esfortzu handia egin dute. 45 mila lagunetik gora dira aurre-izena eman dutenak, eta bezeroen etorrera sendoa espero dugu". Dena den, negozioa egin baino berrikuntzak erakusteko unea dela esan du AFMko zuzendari nagusiak.

Erronkak

 Bezeroak dauden lekuetara mugitzeko erronka zehaztu dute sektoreko enpresek. Europan egon dira orain arte baina, merkatu berrietara zabaltzeko prest daude. Asia aldera, Txinara mugitu dira han dagoelako kontsumitzaile poltsa handiena. Geroz eta lehiakide gehiago ateratzen ari zaizkie, "tradizionalki Alemania, Japon eta Erresuma Batua ziren baina, orain Txina, Taiwan eta Korea".

 Euskal enpresek dituzten zailtasunen artean tamainua aipatu du Xabier Ortuetak: "Dimentsioa behar da. Batazbesteko tamaina txikia da, kolaborazioak egin behar ditu eta saiatu behar dugu tamaina handitzen. Aukerak ditugu". Internazionalizazioan begiak jarriak dituzte, %-75 atzerrian saldu zuten iaz.

Lanpostuen galera

 5.000 langile eta 73 enpresa hartzen ditu erreminta makinaren sektoreak Euskal Herrian baina, krisiak behartuta, lanpostuen %-ko 7-8 galdu ziren iaz. "Renove" planen beharra azpimarratu du Ortuetak, industria sektore guztientzat. "Eroslea diruz laguntzen dute eta autoak egiten dituenak laguntza jasotzen du makinak erosteko eta ekonomia industriala indartzen ari gara. 'Renove' plan horrek biderkatzaile eragina du".


*Iturria eta argazkia: Euskadi Irratia