Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak eta zortzi udaletako alkate eta zinegotziek sinatu zuten martitzenean, Euskalduna Jauregian, plana gauzatu ahal izateko protokoloa (ondoko argazkian). Egitasmoa martxan da dagoeneko, eta abenduak bitartean probaldian izango da.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zortzi udalek Errenta Aktiboko Plan Pilotua jarri dute abian. Proiektu horrek goitik behera aldatzen du orain arte indarrean egondako eredua, udaletatik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura eramaten baitu diru-sarrerak bermatzeko prestazioen kudeaketa (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria)
Momentuz esperientzia Elgoibar, Erandio, Amurrio, Agurain, Irun, Portugalete, Lasarte eta Basauriko udaletan egingo da, herri horietan baitaude Lanbideren bulegoak. Udal horien laguntza eta lankidetza funtsezkoa izan da plana garatzerakoan.
Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetatik lanerako aktibatuko dira, gizarteratzeko hitzarmenak sinatuz eta haien ezaugarrietara egokitutako prestakuntza-ikastaro eta programen bitartez. Horrela, Lanbidek prestazioak eta aktibazioa konektatuko ditu, eta horretarako bi gauzen kudeaketa bere gain hartuko ditu. Politika aktiboen transferentzia lortzen denean ekimen hori udalerri guztietara zabaldu ahal izango da.
•Kultur aldaketa baten “lehenengo harria”
Orain arte hiru administraziok esku hartu dute prestazio horien kudeaketa konplexuan: eskaerak udaletan egiten dira; baimena aldundiek ematen dute eta, azkenik, Jaurlaritzak berretsi eta ordaintzen ditu. Hemendik aurrera laguntzaren hartzailea eta enplegurako aktibatzeko duen ardura izango dira jomugan. Horregatik, “logikoa da kudeaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku uztea”, azpimarratu zuen sailburuak aurkezpenean.
Plan honekin kultur aldaketa baten “lehenengo harria” jartzen da. “Orain arte egindako enplegu politika aldatuko dugu, batez ere laneratzen zailak diren giza taldeekin. Izan ere, orain arte, nagusiki, prestazio ekonomiko bat ematen genion egoera zailean zegoenari; baina orain, berriz, haien laneratze aktiboaz arduratuko gara”, azpimarratu du Gemma Zabaletak.
Alegia, “langabetu-izaera onartzen duten eta prestaziotik bizitzera ohitzen diren pertsonen aurrean”, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak bestelako pertsonak lortu nahi ditu, prestazioak lana bilatzeko eta gizarteratzearen bidean jartzeko makulu gisa hartzen dituztenak.
- Informazio osoagoa: euskadi.net