Asmaola zentroak nabaria den hutsunea beteko du, zentro teknologikoek laguntzeko beste neurririk ez duten kasuetan, enpresa txiki eta ertainei prozesuak hobetzeko aukera eskainiz. Hau da, Kutxak eta Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak, joan zen astean, sinatu zuten hitzarmenean adierazten den bezala, "industriaren berrikuntza sustatzeko" proiektua da. Besteak beste, makina gutxiagorekin gauzak azkarrago eta hobeto egiteko prozesuak garatu nahi dituzte.
“Proiektu berritzaile, praktiko, epe motzeko eta aurrekontu mugatudunetan enpresa txikiari laguntzeko, eta enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitateekin elkarlanean aritzeko bokazioarekin, balio erantsi bakana eskaintzen du Asmaola proiektuak, izan ere, IMHrekin duen gertutasunari esker, enpresentzat lanean jarduteagatik Elgoibarko Institutuak prestakuntzaren bidez lortzen duen ezagutzaren ekarpena egingo baitio industriari”, azaldu zuten proiektu berriko arduradunek hitzarmenaren sinatze ekitaldian egin zituzten adierazpenetan. Kutxak, Gizarte Ekintzaren bidez, 500.000 eurorekin lagunduko du ETE (Enpresa Txiki eta Ertain) industrialen lehiakortasuna handitzeko berrikuntza eta teknologia-transferentziaren zentro berritzaile honen sorreran.
Hitzarmenaren sinadura ekitaldian parte hartu zuten Xabier Garmendia Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia Sailburuordeak, Xabier Iturbe Kutxako Presidenteak, eta Xabier Ortueta, AFM eta Invemako Zuzendari Nagusi eta IMHko Presidenteak, Alfredo Etxeberria Elgoibarko Alkateak eta Joxean Egaña IMHko Zuzendariak.
- Entzun hemen: Fermin Lazkanori Mezularia irratsaioan eginiko elkarrizketa (eitb.com)