Guilermo Ecenarro enpresako gerenteak eta Azkoitia lantzen sozietate publikoak joan den abenduaren 22an sinatu zuten hitzarmenari esker, Bernardo Ecenarro pinturak eta estaldurak egiten dituen enpresa Elgoibarretik Azkoitiko Egino Berri industrigunera mugituko da.
Gaur egungo produkzio sistemetara hobeto moldatzen diren instalakuntzak behar ditu, haztea baino gehiago, Bernardo Ecenarrok. Eta, hala, 1975ean sortutako enpresako arduradunak, orain dela bost edo sei urte eraikin berri bat egiteko kokagune aproposago baten bilaketari ekin zioten, Sallobente-Ermuararen, batez ere, eta Lerun industriaguneetan dauzkaten instalazioak txiki geratu zaizkiela-eta.
Elgoibarren geratu edo Azkoitiara joan zalantzan egon ziren une batean, baina azkenean bailaraz aldatu eta Urola aldera joatea erabaki dute enpresako arduradunek. Elgoibarko Udalaren nahia enpresa Elgoibarren geratzea zen, eta horretarako aukerak ere eman zizkion, Albitxuri industriagunea handitzeko aukera, besteak beste.
Azkoitiko aukera 2008ko irailean sortu zitzaien. Izan ere, Afer eraikuntza enpresak Oinartxo industrigunean egin behar zuen pisu prefrabikratuak eraikitzeko enpresa, 1.100 laguni lana emango ziona, bertan behera geratu zen krisi ekonomikoaren ondorioz. Azkoitiko Udalaren asmoa industriagune horretara Aferren proiektuak lagatako hutsunea beteko duten beste enpresa bat edo batzuk erakartzea zen. Bernardo Ecenarrorekin lortu dute.
- Bernardo Ecenarro enpresa Azkoitira etorriko da (azkoitikoudala.info)
- Bernardo Ecenarro enpresa Azkoitiara mugituko da 2013rako (azkoitia.hitza.info)
- Bernardo Ecenarrok enpresa lekuz aldatzeko bi eskaintza dauzka (2009-02-10)